Annie Ernaux, 2022ko Literaturako Nobel Saria
2022-10-07 08:35 Kulturea30 liburu inguru ditu idatziak eta bost dagoz euskerara itzulita.
Literaturako Nobel Sariak emoten dituan batzordeak onartu dau palmaresean Mendebaldeko idazle asko dagozalaa, eta gehienak gizonak. Orekearen bila, igaz Abdulrazak Gurnah tanzaniarraren alde egin eben, eta aurten emakumezko bat aukeratu dabe: Annie Ernaux frantsesa.
Ernauxen idazkera garbi, zuzen eta asmo zehatzekoa nabarmendu dau Nobel Sarietako epaimahaiak, literatura unibersalera estilo barria ekarteagaitik. Fikzinoaren eta errealidadearen arteko mugak apurtzen ditu idazle frantsesaren obreak, inguruan dauen jentea, bizipenak eta gizartea beti hartzen ditu oinarrian.
Bizi izan dituan esperientziak gordin kontetan ditu Ernauxek. Haren liburuetan topau geinke gaixotasun, abortu eta bizipenen barri, ikuspegi personala eta ikutu soziologiko eta historikoak buztartuta.
Era berean, klasea eta generoa be kontuan hartu beharreko elementuak dira Ernauxen obran. Ikuspegi feministeari ez deutso inoiz lepoa emon, holan egitea ezinbestekotzat dau gizonen indarkeriak eta gehiegikeriek baldintzatutako gizartean.
Honako esaldi honegaz arrazoitu dau Ernaux saritu izana Nobel Sarien Akademiak: Memoria personalaren zuztar, urruntze eta muga kolektiboak agirian ixteko dauen ausardiagaitik eta zehaztasun klinikoagaitik.
Normandian 1940an jaioa, Annie Ernauxek ez eban bide erraza izan literaturan. Lehenengo liburua (Les armoires vides, 1974) inori ezer esan barik idatzi eban, beragaz bizi ziran senarrak eta amak ezer jakin barik. Laugarren liburuagaz eskuratu eban nazinoarteko ospea: La place, 1983an.
Danetara, 30 liburu inguru argitaratu ditu Annie Ernauxek. Frantsesez idazten dau eta bost dagoz euskerara itzulita: Begira zenbat argi, maitea (Igela), Emakume bat (Txalaparta), Gertakizuna (Igela), Lekua (Igela) eta Pasio hutsa (Igela).
Aspalditik agertu da Ernauxen izena Nobel Saria irabazteko hautagaien artean, baina, aurten, bitxia bada be, ez da egon faboritoen artean (Salman Rushdie eta Michel Houllebecq agiri ziran kiniela guztietan). Sari nabarmen gehiago be irabaziak ditu Ernauxek, esate baterako, Hizkuntza Frantsesaren Saria 2008an.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!