Ana Moralesek irabazi dau Dantzako Sari Nazionala, irailean Dantzaldiari ekin eutsonak

Bizkaie! 2022-10-07 08:02   Kulturea

Bilboko Arte Eder Museoa kaleko jantza garaikidearen erdigune izango da urrian.

Ana Morales. Erretratua: German Castañeda Elena. | Ikusi handiago | Argazki originala

Datorren martitzenean, urriaren 11n, Pilarika Egunaren bezperan, Bilboko Arte Eder Museoko eraikin zaharraren halla ezusteko erdigune bihurtuko da kaleko jantza garaikidea ardatz hartuta, Dantzaldia-Bilboko Nazinoarteko Dantza Jaialdiaren barruan. Ikuskizun labur bi eta doban izango dira baina gonbidapena hartu beharko da aurretik. Gonbidapenak museoko txarteldegian hartu ahal izango dira egunean bertan (17:30etik aurrera eta amaitzen diran arte) baina Museoko Bazkideentzat plaza kopuru mugatu bat dago dagoeneko eskuragarri bai bilbaomuseoa.eus webgunean, bai txarteldegian.

Arratsaldeko 18:30erako dago programauta Fran Sieira Galiziako konpainiaren Coreografías dun DeMente obrea. Zazpi jantzarik hartuko dabe parte lanean eta buruko gaixotasunak izango ditu aztergai. Taldearen ezaugarri bereizgarria dira dagoeneko Galiziako musika eta jantza tradizionalak eta horreek izango dira guztiz garaikidea dan obrearen esentzia. Sieira izan zen aurtengo Eurovision lehiaketan Espainia ordezkatzeko lehian ibilitako Tanxugeiras hirukotearen ikuskizunaren koreografoa (eta jantzarietako bat) eta berak be hartuko dau parte obran.

Arratsaldeko 19:30ean, barriz, Haatik gipuzkoarren txandea izango da. Konpainia honek be zubiak sortzen ditu sustrai kulturalen, kasu honetan euskaldunak, eta adierazpen-bide barrien artean. 'Ur' Aiert Boebidek sortu eta zuzendutako lana da eta Pascal Gaigneren musikeak lagunduta, ekonomia jasangarriaren aldeko aldarria egiten dau bost jantzariren eskutik. Urumea ertzeko baserri batean bizi dan familia baten testigantzak ditu testuinguru.

Bilboko Museoa lehenengo aldiz egongo da 2000tik jantza garaikidea publiko zabalari hurreratzearen alde egin dauen jaialdiaren laguntzaileen zerrendan. Orain arte, Guggenheim Bilbao edo Azkuna Zentroa moduko leku ezagunetan egin izan da. Dantzaldiaren atontzaileen eretxiz, aurten Bilboko Arte Eder Museoa izatea ederra da. Handitzeko lanakaz etorkizunera begira dagoan eraikin klasikoa da eta, gainera, alkarren artean jarduten daben hainbat garaitako obrak ditu. Leku bikaina da eta egokia jantza-pieza bi honeek egiteko.

2022ko Dantzaldia irailean inaugurau eta abenduan amaituko da. Urrian, beste hitzordu bi izango dira Bizkaian zehar: 9an, Barakaldo Antzokian familientzako Geometria lana ikusi ahal izango da, ikuskizun koloretsua, 3D proiekzinoakaz, musikeagaz eta, batez be, jantza urbanoaren koreografia akrobatikoakaz. 7 urtetik gorako umeentzat dago gomendatuta eta sarrerak 4,5 euroan (+ gastuak) izango dira. Kataluniako konpainiak sortu dau ikuskizuna eta taldeak 35 urteko eskarmentua dau jantzea ume eta gazteei hurreratzen. Dantzaldiaren edizio honen lehenengo nazinoarteko bisitea urriaren 29an izango da, jaialdia atontzen dauen Deustuko La Fundición aretoan. Bertan izango da Ana Jezabel portugaldarra Quotidiano amuse toi ikuskizunagaz: Emakume biren obra honek egunerokotasuna dau ardatz (sarrerak 7 €-tik aurrera + gastuak).

Informazino gehiago, egitaraua eta sarrerak hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu