Artistak aurrez aurre Bilboko Arte Eder Museoan

Bizkaie! 2022-10-06 10:33   Kulturea

Hiru artista bikoteren obrak alderatu leitekez.

Museoko eta BBK-ko ordezkariak, Inés Medinaren obren ondoan (argazkia: Bilboko Arte Eder Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Arte Eder Museoaren eraikina obretan dagoanez, zati modernoa itxita dago hileotan eta zabalik geratu dan partean bildumako obrak erakusteko modu barritzaileetara jo behar izan dabe. Holan heldu zan Aurrez aurre BBKateak ekimena, artistak bikoteka batzen dituan formatua. Beste hiru bikote dagoz ikusgai orain: Utamaro-Guiard, Arteta-Ibarrola eta Barrueta-Medina.

Miguel Zugaza zuzendaria buru, museoko adituek eta ekimenaren babesle dan BBK-ko ordezkariek agerraldia egin dabe, Aurrez aurre BBKateak erakusketan egindako aldaketak azaltzeko. Erakutsiko diran bikoteetan errotazinoak egingo dituela dinoe, eta hauxe dala lehenengoa. Beraz, ipini barri dituenak, orain arte ikusgai egon diran beste hiru bikoteen ordezkoak dira (Chillida-Durer, Grekoa-Zuloaga eta Arenzana-Anguissola).

Japoniako grabaduaren eta XIX. Europako pinturearen arteko loturak eta kontrasteak agirian ixten ditu lehenengo bikoteak. Kitagawa Utamaro (1753-1806) ukiyo-e estanpa japoniarren urrezko aroaren ordezkari gorena da; Adolfo Guiard bilbotarra (1860-1916), ostera, Parisko arte mobimenduetan ibili zan. 8. aretoan dagoz bien obrak.

Euskal artisten ordezkari dira 12. aretokoak: XX. mendearen lehenengo zatikoa Aurelio Arteta (1879-1940) eta bigarrenekoa Agustin Ibarrola (1930). Bizkaiko espazio urbano eta industriala erakusteko modu bi aurrez aurre ikusi geinkez, eta Gerra Zibilaren aurretik eta ostean sortutako lanen artean jarraitutasuna egon zala nabarmena da. 

Azkenik, 1. aretoan dagoz Benito Barrueta (1873-1953) eta Inés Medina (1950). Estudioaren barnealdea, Barruetak 1917an sortua, eta 1980-81eko Inés Medinaren Dialektika Bi-Tridimentsionala saileko koadro bat ipini ditue aurrez aurre.

Museoa handitzeko obrak martxan dagozan bitartean, sartzea doban da. Ganera, edade guztietarako jarduera osogarriak hasiko dira urrian. Batetik, astegoienetan, umeak dituen familientzako tailer bereziak egongo dira eta, astegunetan, eskolentzako jarduerak. Bestetik, helduentzako bisita gidatuak, flash bisitak eta ibilbide digitalak be badakarz egitarauak.

Era berean, aitatzekoa da gazteei zuzendutako Begirada gurutzatuak programea, BBKateak erakusketearen aldi barri honetan indartuta datorrena. Sormena oinarri, artisten eta gazteen arteko topaketak atonduko ditue eta parte-hartzaileen ardurak eta interesak bideratzeko euskarri bihurtuko dabe artea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu