Ainhoa Elorriagak 'Bizitzeko gogoa' liburua aurkeztuko dau

Bizkaie! 2022-10-06 08:47   Kulturea

Gainditze personalari buruzko gorabeherak izan ditu ardatz liburuan.

Datorren zapatuan, urriak 8, Ainhoa Elorriaga busturiar gaztearen Bizitzeko gogoa liburua aurkeztuko dabe Busturiko Udaleko Kultur Etxean. Bertan, istripu larri batean garezurreko traumatismoa izan ondorego gainditze personalaren historia kontetan dau modu positiboan.

2004ko urriaren 15ean, 24 urte zituala, Ainhoa Elorriaga Baraizarrak, ibilbide profesional oparoa aurretik eban gazte busturiarrak (master bi egin zituan Ikus-entzunezko Komunikazioan eta praktikak komunikabide nabarmenetan), auto-istripu larria izan eban eta horren ondorioz 5 hilebete koman eta eragindako koman egon zan. Inflexino puntu tragikoa izan zan bere bizitzan eta familia osoarenean eta hortik aurrera gainditze personal eta biziko bide gogorra egin dau. Medikuek ez eutsen itxaropenik emoten, baina familiaren positibotasunak eta aurrera egiteko gogoak edozein oztopo gainditzen lagundu eutsen, nahiz eta gatxa izan. Begietako hainbat ebakuntza, ezin zitualako begiak zabaldu eta hanketako ebakuntzak be bai, mobikortasun guztia galdu ebalako, baita iruntsi be ezin ebalako be, guztia errehabilitazino-prozesu gogor bategaz gainditu eban.

2006an mobikortasuna berreskuratu eban, baina gorputzaren ezkerraldean baino ez. Orduan ikasi eban barriro ezkerreko eskuagaz idazten. Maila akademiko altuagaz, Ainhoak istripuaren ondoren C2 mailako euskera azterketea gainditu eban, EGA baino inportanteagoa, 66 lagunek baino ez eben gainditu EAE osoan. Orduan, euskaltegikoek eta neurologoek idazten hasteko animau eben, bizi-esperientzia liburura ekarriz eta ausartu egin zan. Orain, Ainhoa Elorriagak bere lehen liburua aurkeztuko dau: «Bizitzeko gogoa». Bertan, positibotasunetik bere gainditze-historia kontetan dau.

Gauza positibo asko atara dodaz, ez da gauza bera aztertzea edo pasetea. Eta egunero ikasten dot zeozer barria, milimetro bat gehiago niretzat asko da. Amak indar handia transmitidu deust. Ikuspegi positiboa da nirea, izan be, negatiboan, nork irakurriko leuke? Liburu honegaz, medikuei esan gura deutset positiboak izan behar dogula, ez deiela esan: Osatuko zara, indartsua izan behar dozu baino. Langik antzeko liburu bat idatzi eban, baina ez da gauza bera horregaz jaiotea edo hartutako kalte zerebrala dala ta zerotik ikastea. Hainbat fase bizi izan ditut, begetala, fetu-posizinoan geldi egon izan naz, min handiakaz ibili naz eta guztia indarrez eta gogoz gainditu dodaz, azaldu dau Ainhoa Elorriagak.

Liburuaren aurkezpena urriaren 8an izango da, Busturiko Udalaren Kultur Etxean, Altamira auzoan, 19:00retan. Egun horretan egileak bertaratutakoakaz berba egingo dau bizi izan dituanak eta obrea bera aztertzeko. Liburua erosi ahal izango da.

Ainhoaren bizi-esperientzian partaide izateak pozten gaitu, izan be, Ainhoak eta bere familiak bizi izan daben kolpe gogor horri aurre egiteko gaitasun eredugarria erakutsi dabe. Udalak geure herritarrek Ainhoak eta bere familiak erakutsi daben indarra autortu eta holako herritarren egitadakaz pozten gara. Geure babes osoa emon eta zoriondu egiten doguz izan daben sufrimenduaren aurrean sendo jokatu dabelako. Autortu gura dot isilean sufritzen daben personentzako lagungarria izango dalako, baita Ainhoaren gainditze ibilbidea ezagutzeak arnasa eta itxaropena emoten deutseenei be. Zorionak Ainhoa eta eskerrik asko, nabarmendu dau Aitor Aretxaga Busturiako alkateak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu