Produkzino zientifikoa pandemia aurretik baino % 16 handiagoa da EAEn
2022-10-05 13:37 Pil-pileanIkerbasquek 2022ko Zientzia Txostena argitaratu dau.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako produkzino zientifikoa pandemia aurrekoaren parera heldu da barriro, baita ha gainditu be, Ikerbasqueren 2022ko Zientzia Txostenaren arabera. Igazko datuak batu ditue azterlan zabal horretan, EAEko jardun zientifikoaren argazki zehatza izateko.
Txostenaren aurkezpenean izan dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz eta Ikerketa sailburuorde Adolfo Morais, baita Ikerbasqueko zuzendari zientifiko Fernando Cossío be. Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoaren egoitzan egin dabe agerraldia.
Ikerketearen arloko beharginei, zientziaren finantzaketeari, emoitza zientifikoei eta transferentzia teknologikoari jagokezen datu nagusiak batzen ditu Zientzia Txostenak, Ikerboost Euskal Zientzia eta Teknologiaren Behatokiak monitorizautako adierazleen bitartez.
Pandemiaren aurreko datuakaz alderatuta, % 16 egin dau gora EAEko produkzino zientifikoak. Hamar urtean ia bikoiztu egin da datua. 2021ean, txostenaren arabera, 7.846 argitalpen zientifiko plazaratu zituan erkidegoko sektore zientifikoak.
Kantidadean ez eze, kalidadean be gora egin dabe argitalpen zientifikoek. Txostenak dakarrenez, ospe handienekotzat joten diran aldizkarietan argitaratutakoaren portzentajea hazi egin da EAEn: 2021ean lehenengo aldiz produkzino zientifikoaren %60 baino gehiago lehen kuartileko aldizkarietan argitaratu da.
Sektoreka begiratuta, Euskal Autonomia Erkidegoko produkzino osoaren % 65 unibersidadeek hartzen dabe, EHU buru. Ondoren, osasun sektorea, BERC eta IKZ zentroak eta zentro teknologikoak datoz. Azken urteotan eragile barriak agertu dira (adibidez, BERC eta IKZ zentroak), eta horreei esker, eragileen arteko lankidetzea eta produkzino zientifikoa ugaritu dira.
Ikerketa eta Garapenean (I+G) egiten dan ahalegina be neurtu dau txostenak. Gitxi gorabehera, erkidegoaren BPGaren % 2 hartzen dau arlo horrek eta ehun beharginetik bi I+Gan dabiz, 21.000 bat lagun.
Irakurri txosten osoa hemen (PDF).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!