Bederatzi film 'II. Euskal Emakume Zinemagileak' zikloan
2022-10-04 12:55 ZinemeaGanera, Pedro Olea zuzendariari omenaldia egingo deutso Euskadiko Filmategiak.
Donostian eta Gasteizen egingo dira Euskal Emakume Zinemagileak zikloaren bigarren edizinoko proiekzinoak, Bilboko Arte Eder Museoko egoitzea denporaldi batez ez dabelako erabiliko, obrak dirala eta. Euskadiko Filmategiak dakarren ziklo honetan, bederatzi pelikula emongo ditue, emakumezkoek egindako zinemearen barri emoteko asmoz.
Urritik abendura bitartean izango dira proiekzinoak, Donostiako Tabakaleran eta Gasteizko Artium Museoan. Carmen y Lola emongo dabe lehenengo, Arancha Echevarria bilbotarrari Zuzendari Barri Onenaren Goya Saria irabazteko balio izan eutsan filma.
Ondoren, Mujeres en pie de guerra (Susana Koska, 2004) eta La higuera de los bastardos (Ana Murugarren, 2017) pelikulak ikusi ahal izango dira, biak be Espainiako Gerra Zibilean girotuak. Ione Hernándezen 1% esquizofrenia (2006) dokumentalak gaixotasun mental horren inguruko aurreretxiak ezabatu ditu eta Esther Pérez de Eulatek hartu-emon publikoetan kaleak dauen balioa aztertu dau Poética Pública PLAZA-n (2010).
Etiopiara joandako euskal misiolari baten eta bere alabeari etorkizun hobea eskaintzeko Euskal Herrira etorriko dan gazte etiopiar baten bizitza paraleloak batzen ditu Toda la vida del mundo (Nuria Ruiz Cabestany, 2010) lanak. Maru Soloresek umezaroari eta amatasunari erreparatzen deutso Aztarnak-en (2021). Andereak (Yolanda Mazkiaran, 2020) Mariren personaia mitologikoari buruzkoa da, baina orainalditik begiratuta. Amaia eta Aitor Merino anaiek, ostera, adiskidetasun baten kontakizuna dakarre Asier ETA biok (2013) filmean.
Azkenik, eskolako saioetan Lucius Dumben berebiziko bidaia (Maite Ruiz de Austri, 2013) proiektauko dabe. Zientzia fikzinoaren bidez giza eskubideen aldeko apustu sendoa egiten dauen animaziozko pelikulea dala dino Euskadiko Filmategiak.
Proiekzinoen egutegia hemen (PDF).
Pedro Olea gogoan
Zemendian, Pedro Olea zinemagile bilbotarrari autortzea egin eta haren obrea gogoratzeko jardunaldiak egingo dituala be aurreratu dau Euskadiko Filmategiak. Euskal zinematografian oinarrizko zuzendaria dala adierazo dabe Filmategiko ordezkariek.
Olearen omenez, proiekzinoak egingo dira Gasteizen, Donostian eta Bilbon. Egileak berak El bosque del lobo (1970) film klasikoa aurkeztuko dau, bildurrezko zinemeagaz dauen zaletasunaren erakusgarri. Ganera, Zonbi eguna (2015), Olearen film labur dibertigarria, ikusi ahal izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!