ASKHEZI: Euskerarako diktaketa sistema barria
2022-10-04 12:34 Euskerea berbagaiAukerea dago idazlanak ordenagailuari berba eginez idazteko eta zuzentzeko.
Hizkuntza eta ahots teknologiak oso balioarriak dira hezkuntzearen munduan ikasle guztien inklusibidadea lortzeko bidean. Ikastetxeetako egunerokoan erabilten diran sistema eragileek, ofimatika programek edo onlineko zerbitzu gehienek hizketearen sorkuntzea, itzulpen automatikoa eta ahotsaren ezagutza automatikoko sistemak integrauta ditue. Baina horreetako gehienak ez dira euskeraz erabilgarriak eta hobekuntza teknologiko nabarmena behar dabe.
Azken urteetan, Languneko (Hizkuntzen Industriaren Alkartea) kide diran hainbat erakunde eta ikerketa zentrok (Orai NLP Teknologiak) lan handia egin dabe hizkuntza eta hizketa teknologietan: Irakurle Digitala, Elia.eus, Aditu.eus... Halan da be, sistema horreek hutsune nagusi bi ditue ezgaitasunak dituen ikasleek erabilterakoan: Alde batetik, ez dagoz umeen ahotsakaz funtzionetako preparauta eta horren ondorioz akats asko agertzen dira transkribidutako testuetan. Bestalde, ez dabe transkripzinoan agertzen diran akatsak berba eginez zuzentzeko aukerarik eskaintzen.
Ikastolen Alkarteak, Seaskako Integrazino Batzordeak eta Sortzen Alkarteak, Languneren aholkularitzeagaz batera, eta Orai NLPren gaitasun teknologikoari esker, ezgaitasunak dituen umeen euskerazko ikasketa prozesuan oso baliogarria izango dan euskerazko ahots diktaketako sistema bat landuko dabe. Horrenbestez, ASKHEZI (Hezkuntza Irisgarria Ikasleei Egokitutako Barriketa Ezagutzaile Aurreratuen Bidez) proiektuaren bidez idazlanak ordenagailuari berba eginez idatzi eta zuzendu ahal izango ditue. Horretarako, umeen ahotsen grabaketak egingo dira Orai NLP Teknologiak langunearen berbetak ezagutzako sistema ikasleen ahotsakaz trebatzeko eta, plataforma baten bidez, diktaketarako funtzionalidade gehigarriak izango ditue, zuzenketak be ahotsez egin ahal izateko.
Ahotsen grabaketak urrian hasiko dira EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko hainbat ikastola eta eskola publikotan. Proiektua osorik aurrera eroateko lan taldeak urte biko lana aurreikusi dau. Halan da be, identifikauta dituen hainbat umeren beharrei erantzuna emongo jake ahalik eta arinen, proiektua guztiz amaitu baino lehen, berbeta sintesiko teknologia erabilita.
Eragileek Euroeskualdeko uritartasuna proiektu-deialdiak emondako dirulaguntzea jasoko dabe ASKHEZI martxan jarteko. Deialdiak kultura, hezkuntza eta gazteria, eleaniztasuna eta gizarte erronka gaiei buruzko proiektuak eta aktoreak finantzietea ahalbidetzen dau. Euroeskualdearen ustez, ASKHEZI gizarte erronkei aurre egiteko tresna garrantzitsua izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!