Parkea Musik Fest, Zamudioko Campusean, urriaren 6an

Bizkaie! 2022-10-04 10:24   Musikea

Parke Teknologikoetako profesionalek osotutako bost talderen kontzertuak izango dira.

Ekitaldia edonorentzat edegia eta librea izango da eta Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko Eraikin Nagusian egingo da, 17:00etatik aurrera.

Parkea Musik Fest edizino hau girotuko daben bost taldeak Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko enpresetan lan egiten daben personek osotzen ditue eta rock ikuskizun ederra eskainiko dabe.

Datorren urriaren 6an, eguenean, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak Parkea Musik Fest ekimenaren beste edizino bat hartuko dau. Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak bultzatutako ekimena da, langileen talentu sortzailea ikusarazoteko eta lanerako eremua esperientzia sozial eta kulturalei edegitako ekosistema bihurtzeko.

Ekitaldia Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko Eraikin Nagusian (101 eraikina) egingo da. Lehenengo kontzertua eta ondoren gainerako taldeek joko dabe, guztiak rock ukitukoak: Saioari ekingo deutsenak Desert Tracks (17:00) izango dira; ondoren Old Skull (17:45); gero Red Crocodile (18:30); horreen ostean Red Night Man (19:15); eta, azkenik, Rojo Nieve (20:00).

Desert Track-eko kideek Biofisika Institutuan egiten dabe lan; Old Skull taldekoak, barriz, Ingeteam-etik datoz, Red Crocodile-ekoak antzera. Rojo Nieve taldeari jagokonez, Light Systems enpresako kideak dira eta, Blues musikeari be keinu egingo deutson Red Night Man Ibermaticatik dator.

Ekitaldia Jon Gómez Garaik aurkeztu eta dinamizauko dau eta bertaratzen diranentzako janari eta edari postua egongo da eta 17:00etatik 18:00etara happy hour-a izango da. Horrezaz gan, amaieran DJ Saioa, kultur eta kirol ekitaldietarako sarreren zozketak eta Parkeetako langileentzako bonu gastronomikoak egongo dira.

Parkea Musik Fest orain sei urte martxan jarritako Parkerako Erronka bat programea ardatz hartuta sortutako ekimena da. Hiru edizino Donostiako eta Zamudioko/Derioko Campusetan egin ziran, pandemiaren ondorioz bertan behera itxi behar izan aurretik. Aurtengo bagilean Gasteizko Campusean egindako edizinoagaz ekin jakon barriro ekimenari eta dagoeneko beste deialdi bi aurreikusita dagoz: urriaren 13an, Donostiako Campusean eta urriaren 20an, Leioako Campusean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu