Castillo Suarez euskaltzain oso izentau dabe
2022-09-30 13:11 Euskerea berbagaiOrain emeritu dan Patxi Zabaletaren lekua hartuko dau.
Nafarroako Parlamentuan egindako Euskaltzaindiaren Osoko Bilkuran, Castillo Suarezen hautagaitzearen alde egin dabe Akademiako kide gehienek eta, hortaz, euskaltzain oso izango da idazle altsasuarra. Paula Kasares izan da beste hautagaia, baina bozketearen aurretik uko egin deutso.
2022ko maiatzaren 21ean euskaltzain emeritu izentau eben Patxi Zabaleta, 75 urteak beteak zitualako. Orduan zabaldu zan haren hutsunea beteteko prozesua: euskaltzainek hautagaiak aurkeztu ahal izan zituen (Suarez eta Kasares, kasu honetan), ondoren bien merituak aztertzen ibili ziran eta, azkenik, gaur, Iruñean, behin betiko bozketea egin dabe.
Hortaz, Patxi Zabaletaren lekua hartuko dau Castillo Suarezek Euskaltzaindiaren Osoko Bilkuran. Historiako 96. euskaltzain osoa izango da. Zortzi hileko epea dau sarrera-berbaldia egiteko eta, gero, beste horrenbeste denpora izango dau erantzuna emoteaz arduratuko dan euskaltzainak. Berbaldi biok pasau eta gero etorriko da harrera-ekitaldia.
Honenbestez, Suarez kontuan hartuta, 22 euskaltzain oso dagoz gaur egun, 14 gizonezko eta 8 emakumezko. Ganera, 145 euskaltzain urgazle, 10 emeritu eta 65 ohorezko be badagoz.
Castillo Suarez Garcia (Altsasu, 1976) Euskal Filologian lizentziaduna da eta lekuan lekuko administrazinoko euskera teknikaria ogibidez. Literaturan, poesia lanak idatzi ditu gehienbat, tartean Souvenir (2008), Urtebetetze festa (2012), Irautera (2019) eta Elurra elurraren gainean (2022) bildumak. Hainbat hedabidetan be kolaborazinoak egiten ditu.
Poesiaz gan, umeen literaturea be landu dau Suarezek (Ebelina Mandarina, 2010). Literatureari buruzko Iparraldeko neska bloga berak elikatzen dau. Suarezen testu batzuk beste hizkuntza batzuetara itzulita dagoz (gaztelania, frantsesa, ingelesa, alemana, katalana, galegoa…). Euskaltzain urgazlea da 2016tik eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea 2021etik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!