Txistulari Alkarteak Joseba Omar eta Patxi Zorrozua omenduko ditu

Bizkaie! 2022-09-29 10:53   Musikea

Bilboko Arriaga Antzokian izango da autortzea egiteko ekitaldia, zapatuan.

Joseba Omar eta Patxi Zorrozua (argazkia: Euskal Herriko Txistulari Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilbon eta Euskal Herrian ibilbide oparoa egin dabe Joseba Omar Ansoleaga eta Patxi Zorrozua Atxa txistulariek, sarri ikusten ez dan lana egiten: antolakuntzan, irakaskuntzan... Ezinbestekoak diran zereginak euskal txistuak aurrera egin deian. Hori dala eta, Euskal Herriko Txistulari Alkarteak Zidarrezko Dominea emongo deutse biei.

Zapatuan, urriak 1, izango da Joseba Omar eta Patxi Zorrozuari omenaldia egiteko ekitaldia, 12:30etan Bilboko Arriaga Antzokian. Euskal Herriko Txistulari Alkarteko buruak egongo dira han, biei Zidarrezko Dominea ipinteko. Era berean,  Bilboko Udal Txistulari Bandeak eta beste txistulari askok hartuko dabe parte.

Dana dala, Arriagakoaz aparte, egun osoko egitaraua be atondu dabe Bilbon zapatuan. Izan be, bilbotarrak dira Omar eta Zorrozua, eta uriko kaleetan autortzea egingo deutse. 11:15ean batuko dira makina bat txistulari Unamuno Plazan, eta ordu lauren geroago kalerik kalekoari ekingo deutse, Zazpi Kaleak alaituz. Arriagako ekitaldiaren ostean, 13:30ak bueltan barriro kalejiran ibiliko dira eta 15:00etan bazkari ederra egingo dabe Txoko Piperrak jatetxean.

Omarrek eta Zorrozuak jasoko daben autortzea balio handikoa da euskal musikearen munduan, izan be, Euskal Herriko Txistulari Alkartea historia luze eta ospe zabaleko erakundea da. 1927an sortua, mila kide inguru ditu gaur egun. Besteak beste, ondare musikala batu eta zabaltzeaz, kontzertuak antolatzeaz, ikaskuntzea eta transmisinoa bultzatzeaz eta txistulariei laguntzino teknikoa emoteaz arduratzen da.

Joseba Omarrek Txistulari Alkartean danetariko lanak egin izan ditu, beti laguntzeko prest, era  horretako alkarteek aurrera egin ahal izateko ezinbestekoa dan ekarpena eginez. Bizkaiko arduradun eta alkarteko lehendakari izan da, besteak beste.

Patxi Zorrozua, bestalde, Bilboko txistu akademiagaz lotuta egon da luzaroan, uriko txistulari ospetsuak izandako Manolo Landaluce eta Boni Fernandezek hasitako lanari eutsiz. Horrezaz gan, beti egon da prest Euskal Herriko edozein txokotan kontzertu zein bestelako ekitaldietan parte hartzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu