Euskaraldian izena emoteko epea zabalik
2022-09-29 08:33 Euskerea berbagaiAurreko urteetan belarriprest edo ahobizi izan diranek mezua jasoko dabe posta elektronikoz.
Bilboko Kafe Antzokian egindako ekitaldiaren bidez, modu ofizialean emon deutse hasierea 2022ko Euskaraldian izena emoteko epeari. Ahobizi edo belarriprest izan nahi dabenek, beraz, hurrengo hile biotan egin ahal izango dabe eskabidea, hau da, Euskaraldia hasi arte egongo da astia. Zemendiaren 18tik abenduaren 2ra izango da ariketa soziala.
Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariak izan dira Bilboko ekitaldian, Kike Amonarriz lehendakaria buru, baita euskalgintzako eta erakunde publikoetako beste persona ezagun ugari be: Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiria eta Nafarroako Gobernuko kontseilari Ana Ollo, besteak beste.
Kepa Errasti eta Mirari Martiarena aurkezleek gidatuta, bakarrizketa, ikuskizun eta kontzertuez gozau ahal izan dabe bertaratutakoek. Herri batzordeetako kideek be ekarpenak egin ditue eta agintariek aurtengo edizinoaren zehaztapenak emon.
Izena emoteko prozesuaren nobedade nagusia aurretik parte hartu izan dabenek igarriko dabe. Euskaraldiaren aurreko edizinoren batean ahobizi edo belarriprest izan diranek mezua jasoko dabe posta elektronikoan eta parte-hartzea baieztau edo berretsi baino ez dabe egin beharko. Webgunearen bidez be egin ahal izango dabe berrespena.
Lehenengo aldiz parte hartu nahi dabenek, ostera, ohiko bideari heldu beharko deutse, esate baterako, euren herri edo eskualdeko batzordera jota. Bestetik, ariguneak sortu nahi dituen entidadeek orain emon behar dabe horren barri, beranduenez urriaren 31n.
Izena emoten daben guztiei ahobizi edo belarriprest izateak dakarren konpromisoaz azalpenak emtoen ibiliko dira hurrengo hile bietan Euskaraldiko antolatzaileak, guztiek ariketea ahalik eta modu prestatu eta erosoenean egin deien.
Belarriprest, ahobizi eta entidadeen erronkak gizarteratzea be inportantea dala azpimarratu dabe Bilbon batutakoek: Lorpenak behar doguz, euskeraz biziteko pausu barriak. Zinez uste dogu lorpen askoren gehiketatik joango garela gizartean euskerearen presentzia handitzen. Azken bartean, Euskaraldiaren helburua garbia da: beste behin be, lortu nahi dogu herritarren hizkuntza ohituretan eta praktika linguistikoetan euskereak gero eta leku zabalagoa izatea.
Kike Amonarrizek uste dau gizartea barriro aktibetan hasi dala, Euskaraldia hurreratu ahala. Itxaropentsu gagoz, Euskaraldia indartsu datorrela eta aurten be Euskal Herri osoan ariketea egingo daben milaka persona eta arigune preparetan dabizala sumatzen dogu, adierazo dau Topaguneko lehendakariak.
Gizarte osoari, gizarteko sektore eta erakunde guztiei dei egiten deutsegu aurtengo ariketan parte hartzeko. Maila indibidualean zein kolektiboan erabilera-dinamikak abiatzeko edo indartzeko aukera parebakoa da, Euskaraldia ez dalako euskerearen aldeko egitasmo bat, erabileran pausu zehatzak emoteko ariketea baino, zehaztu dau Amonarrizek.
Bingen Zupiriak ariguneetan ipini dau arretea. 2020an sortu eben figura hori, pandemia bete-betean, baina 24.000 arigune egon ziran. Ariguneen eragina handia da, partaideakan eragiteaz gan, entidadean euskerearen erabileran pausu barriak emoteko abiapuntu izan daitekezalako eta herritar moltso zabalagoetara heltzeko aukerea emoten dabelako. Zupiriak dinoanez, Euskaraldiaren hirugarren edizino honetan salto kuantitatibo eta kualitatiboa emon nahi dabe ariguneen arloan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!