Ubidestroi, herri txikien xarma Gorbeiaren begiradapean
2022-09-29 07:53 Ibilian-ibilianUbiden lasterketa barria jaio da.
Araba eta Bizkaiaren mugan, Arratiako bailarearen bazter batera joko dogu oraingoan, nora eta Ubidera. Herri txikia eta berezia, bere horretan. Gorbeialdean barrena, Gorbeiako kurutzearen magalean. Zelan izan daiteke askotan herri txikitxuek herri handi askok baino bizi gehiago izatea?
100 biztanletik gora dituan eta 200era heltzen ez dan herri honetan lasterketa barri bat jaio da, Ubidestroi. Herrian umeak jaioten diranean izaten daben poza, danek alkar ezagutzen dabelako, ba antzerakoa sentidu dabe oraingoan be, lasterketa eta jai barri honegaz, izan be, hantxe parte hartu dabe bertakoek eta inguruetakoak laguntzaile lanetan.
Jon Torrek eta Aritz Azkorbebeitiak jai ederra biztu dabe Ubide herrian. Hurranez hurran Arantzazu eta Abadiñokoak diran arren, euran bikotekideak Ubidekoak izanik, hantxe bizi dira egun. Ibilbide eder hau buruan euken eta papelera eroan ostean eta jentearen babesa jasota, egia bilakatu dabe. Alboan Gotzon Idirin izan dabe, mendi lasterketen eta mendiaren munduan oso ezaguna, Gorbeia Suzien sortu ebalako, besteak beste.
27 km eta 1700 m d+. Arin esaten da etxeko aulkian edota sofan jesarrita, baina egin behar dan ibilbidea da, ez dalako luzea, eta hortaz, abiadura arina da, baina, bestalde, ez da laburra be, eta exijentzia badau. Ganera, desnibel dezente da holako distantziarako, eta Gorbeiako kurutzera igoteaz gan, makina bat buelta emoten ditu horren ezagunak ez diran Gorbeialdeko inguruetatik.
Nahi dauenak eskuragarri dau ibilbidearen track-a euren webgunean eta baita wikiloken be. Ni neu gogotsu nago egunen batean osorik egiteko, kontauko deutsuet. Bitartean, jarraitu deigun ibilbideari erreparatuz: Ubide herritik urtenda, Oketa mendia pasau, Muruako harrobi inguruetara heldu (Araba), eta bertatik Zubialde errekearen emaria jarraituz, aldapan gora doa. Mairulegorreta zeharkatu, mitologiari keinutxua egin eta Errekasiku inguruko basoetan sartzen da gero, Gorbeiako kurutzera heldu baino lehen. Hauxe da punturik garaiena, baina hemendik badago nondik jarraitu oraindino.
Aldaminosteko muinotik behera segidu eta Aldaminapeko artzainen txaboletatik zuzenean Atxurirantz doa bidea. Bertan, zonalde teknikoena gainditu eta Saldroporantz abiatzen da. Handik horrenbeste argazki jasoten dituan Otzarretako basotik Bastelarrara, ondoren Eneabera, eta bertatik, Ubide herrira bueltea.
Idazteak berak be kantsau egiten gaitu, argi dago oso gogorra dana, baina parte-hartzaile guztien berbetan, gogorra baizen zoragarria da. Jai ederra gero: txosnea, taloak, umeentzat puzgarriak eta erromeria. Ederra antolatzaileen lana, ederra boluntario guztien babesa eta ederra bertaratu ziran laguntzaile, ikusle eta korrikalari guztien giroa. Lagun barriak egin, Gorbeialdeaz gozau eta geure naturea eta biotopo ederra errespetau. Jarraitu deiala jaiak Ubiden, jarraitu deiala Ubidestroik aurrera, aupa zuek!!
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!