Zapatuan hasiko da VIII. Mareak Jaialdia
2022-09-27 11:05 MusikeaTradizinoaren eta abangoardiaren topaleku izango da Bermeo.
Urriaren 1etik 7ra, kontzertuak, ibilaldiak, kontalariak, proiekzinoak eta beste egongo dira Bermeon, VIII. Mareak jaialdian. Beleza Malandra Ateneo Kulturala eta MB2000 talde antolatzaileen helburua da zuzeneko adierazpide artistikoak herritarrei eta bisitariei hurreratzea, tradizinoa eta abangoardia buztartzen dituan egitarau betearen bidez. Bermeoko Udala, Kafe Antzokia eta Bizkaiko Foru Aldundia dira laguntzaileak.
Bermeoko leku ugaritan egingo ditue saioak, aretoetan zein aire zabalean. Batzuk dobakoak dira eta beste batzuk ikusteko pagau egin beharko da. Sarrera guztiak Kafe Antzokiaren webgunean erosi leitekez.
Zapatuan, urriak 1, proposamen bikotxa dakar jaialdiak: Ibilaldia Tribisburuko nekropolira, Juan José Cepedak gidatuta; eta Bego Alabazanek Bereterretxen Khantoria-z egin dauen interpretazinoa. Domekan, Bongho Krappul taldea entzun ahal izango dogu Beleza Malandran.
Aste barruan be, eskaintza zabala ekarriko dau Mareak-ek. Isabel Mellenen Damen lurraldea. Euskal Herrian erromanikoa eraiki zuten emakumeak berbaldiak emongo dauen ikuspegi barria (hilaren 4an) eta KTAOBK belgikarraren bakarkako proiektuaren doinuak (6an) aitagarriak dira.
Barikuan, hilak 7, jaialdiko azken kontzertua hartuko dau Kafe Antzokiak: oholtzan izango dira La Selva, Silver Surfing Machine, Cruzeiro eta Pape.
Mareak Jaialdiak bere espazioa merezimendu osoz irabazi dau Bermeon, herrian oso ezaguna da eta ohikoak ez diran ekitaldi kulturalak ikusteko aukerea emoten deusku, adierazo dau Alazne Zumeta Kultura zinegotziak. Aurten, ganera, ohiko formatua bueltauko da. Seguru nago publikoak asko gozauko dauela.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!