San Julian eleizako grabaduak Muskizen ikusgai

Bizkaie! 2022-09-27 09:46   Kulturea

XVIII. eta XIX. mendeetako bizimoduaren barri emoten dabe 24 grafitoek.

Lorea Bilbao eta Marta Zabala, San Juliago eleizako ateari begira (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Ezustean topau zituan Carlos Glaria filologoak, 2021ean, Muskizko San Julian eleizako ateko grabaduak, luzaroan ezkutuan egon eta gero. Hainbat alorretako adituen lankidetzeari esker, marrazkiotako testu eta figurak identifikau eta testuinguru historikoan kokatu ahal izan ditue. Aurrerantzean, El Pobal burdinolan atondutako erakusketa monografikoan ikusi ahal izango dira, Muskizko San Julian elizan grabatutako itsasontziak izenburupean.

Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadu Lorea Bilbaok eta El Pobal burdinolako zuzendari Marta Zabalak aurkeztu dabe erakusketa barria. 24 grabaduen balioa nabarmendu dau Bilbaok: Moltso ikonografikoa oso berezia da eta konturatu barik pasau da denpora luzez.

Izenburuak itsasontzien figurak aitatzen dituan arren, bestelako irudiak eta testu batzuk be badakarrez grabadu edo grafitoek. Orain dala 200 urte inguru egindakoak dirala kalkulau dabe adituek, XVIII. mendearen amaieran eta XIX. aren hasieran. Bizkaiko itsas historia eta antropologia ezagutzeko balio handikoak dirala dino Bilbaok.

Marta Zabalak zehaztasun gehiago emon ditu grabaduez: Sinpleak dira, itxuraz bakunak, baina ezinbesteko informazinoa emoten dabe gure arbasoek itsasoagaz eben loturea hobeto ulertzeko, kostaldeko itsas eta merkataritza jardueraz eta urrezko garaian, XVIII. eta XIX. mendeetan, izan eban garrantziaz berba egiten dabe.

Besteak beste, kitxemarinak izeneko itsasontziak agiri dira marrazkietan, orduko euskal kostaldean erabilienak ziralako. Ontziak eleizako atarian marrazteak badau zentzuna, ohikoa izaten zalako bidaia luze eta arriskutsuetarako potere erlijiosoen babesa eskatzea. Jaungoikoari egindako ex-voto erakoak dira San Juliango marrazkiak.

Atlantikoaren ertzeko herri ugaritan antzeko grabaduak agertu badira be, Bizkaian bakarrak dira Muskizkoak. Grafito informalak dira, momentuan eginak, autoridadeari desafioa eginaz, eleizako atean marraztea ez zalako onargarria. Dana dala, grabauta agiri diran sinadurek inguruko familia poteretsuetako kideen barri emoten deuskue, Urquixo eta Llano sendietakoak adibidez.

Grabaduen historia eta esangurea argitzeaz ganera, Muskizen eta inguruetan ohikoak ziran burdinolakaz be lotu ditue adituek. Horregaitik ipini dabe erakusketea El Pobalen. Bestetik, atea eta grafitoak barriztau ditue. Erakusketearen katalogoa be kalean da.

Prozesu guztian parte hartu daben adituak honeek dira: Carlos Glaria filologoa, Juan Manuel González Cembellín historialaria, Xabier Armendariz itsasoko historian aditua, Rosa Ruiz Idarraga arkeologoa eta Javier Gandarillas marrazkilaria. Azken horrek grabaduetako paisajea marraztu dau akuarela eder batean, 1800. urtean Lavalleko portua zelakoa zan erakusteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu