Maria Elorzaren 'A los libros y a las mujeres canto' filmak Gazteriaren TCM saria irabazi dau

Bizkaie! 2022-09-27 09:06   Zinemea

Donostiako Zinemaldian estreinau da, New Directors sailean.

A los libros y a las mujeres canto, Maria Elorza zinemagilearen lehenengo film luzeak, Donostiako Nazinoarteko Zinemaldiko New Directors sailean publikoaren eta prensearen harrera bikaina izan dau: Gazteriaren TCM saria irabazi eta Euskal Zinemaren Irizar Sariaren aitamen berezia jaso dau.

18 eta 25 urte bitarteko 150 gaztek osotzen dauen Gazteriaren Epaimahaiak, New Directors saileko filmei emon deutse botoa, baita Horizontes Latinos sailean parte hartzen daben lehenengo eta bigarren lanei be. Euskal Zinemaeren Irizar Sariari jagokonez, Zinemaldiko edozein sailetan mundu mailako estreinaldian aurkeztutako euskal filmik onena saritzen dau.

Maria Elorza gidoilari, zuzendari, argazki zuzendari eta muntatzaile dauen film hau Txintxua filmesegaz laugarren lankidetzea da (Gure Hormek, Ancora lucciole, Quebrantos). Koldo Almandoz (Intimidad, Hondar Ahoak, Oreina, Sîpo phantasma) da produktorea eta Marian Fernández Pascal (Txintxua Films) produktore exekutiboa. Xanti Salvador (La trinchera infinita, Las horas muertas, Handia) soinuaren postprodukzinoaren arduraduna. Antzezleen artean Antonia Deias, Loreto Casado, Viki Claramunt, Waltraud Kirste eta Anne Elorza dagoz. Gaztelaniaz eta italieraz filmauta dago, Gipuzkoan (Donostia, Zarautz, Pasaia), Nafarroan (Esparza, Turrillas), Bilbon, Madrilen, Suances eta Italian (Sardinia, Herculano, Monte Vesubio, Napoles), 72 minutuko iraupenekoa da.

Zinebi Foro Profesional – Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdian Proiektu Onenaren Saria eta Malagako Zinemaldiko MAFIZ Jaialdian (Malaga Industry Zone Jaialdia) Espainiako Proiektu Onenaren Saria irabazi dituan A los libros y a las mujeres canto filmak Eusko Jaurlaritzearen laguntzea dau.

Zuzendariaren esanetan: Virgiliok armei eta gizonari abestuko eutsela esanez ekin eutson Eneida obreari. Film honen izenburuagaz bertso horri keinu bat egin nahi geuntsan, izan be, gure asmoak ia kontrakoak izan arren, joaneko tradizinoa be jorratu gura dogu. Pelikula hau lau personaien eta bere liburuen erretratua da. Irakurten eta ikasten emon dabe bizitza osoa, hau da, ondare oso baliotsua jagoten. Film honi esker, geure buruari galdetzen deutsagu literatureak, zinemeak edo irudiek zelan lagun leuskigue biziten, zelan egin luskiguzen libreago, irudimenak eguneroko bizitzan dauen garrantziaz, elitista ez dan modu batean goi mailako kulturea zelan transmitidu daitekeen. Filma letren errebindikazino bat be bada eta, era berean, emakume horreei omenaldia egiten jake, erresistentzia ekintza batean jagoteaz arduratzen baitira.

Maria Elorza (Vitoria-Gasteiz, 1988)

Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna da Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean, eta EHUko Arte Sorkuntza eta Ikerkuntzari buruzko masterra dau. 2013tik hainbat film labur zuzendu ditu. Elorzaren lanak Donostia, Malaga, Sevilla, Punto de Vista, Documenta Madrid eta Bilboko Zinebi jaialdietan aukeratu eta saritu ditue. A los libros y a las mujeres canto da bere lehen film luzea.

Filmografiari jagokonez ondoko film laburrak egin ditu: Quebrantos, 2020 (Koldo Almandozegaz batera), Ancora lucciole, 2018, Gure Hormek, 2016 (Las chicas de Pasaik), La chica de la luz, 2016 (Las chicas de Pasaik), Agosto sin ti, 2015 (Las chicas de Pasaik), Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa, 2013 (Las chicas de Pasaik eta Aitor Gametxo).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu