Sektore publikoa 15 urtean euskaldundu gura dabe Kontseiluak, ELAk eta LABek

Bizkaie! 2022-09-27 08:14   Euskerea berbagai

Herritarren eskubideak erdigunean jarteko bederatzi proposamen aurkeztu ditue.

Aurrean Paul Bilbao; atzean, Mitxel Lakuntza eta GarbiƱe Aranburu (argazkia: Kontseilua) | Ikusi handiago | Argazki originala

EAEko administrazino publikoaren euskalduntzea arautuko dauen dekretuaren inguruko eztabaidea hasi danez, ELAk, LABek eta Kontseiluak be euren ekarpena egin dabe, eta administrazinoa guztiz euskalduntzeko epe zehatza jarri: hamabost urtekoa.

Bilbon egin daben agerraldian, EAEko sektore publikoa euskalduntzeko oinarrizko adostasuna agertu dabe, sindikatu bietako eta Kontseiluko ordezkari nagusiak bertan dirala. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak eta Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak hartu dabe parte.

Herritarren hizkuntza-eskubideak erdigunean jartea da aldarrikapenaren oinarria. Administrazinora joten dabenean, herritarrek euskerazko arretea beti jaso ahal izatea eta behargin euskaldunek euren hizkuntzan lan egin ahal izatea dira helburuak. Horretarako, gehienez 15 urteko epean behargin guztiek euskeraz jakitea edo gitxieneko ezagutza maila bat izatea eskatu dabe. Bost urtean, halan nahi daben herritarrakaz hartu-emon guztiak euskeraz izateko asmoa be agertu dabe.

Eusko Jaurlaritzea atontzen dabilen dekretu barrian eskari horreek jasoteko, bederatzi proposameneko zerrendea be aurkeztu dabe Kontseiluak, ELAk eta LABek. Behargin publikoen formakuntzeari, lan deialdiei eta erabilereari lotutako erespideak dira.

Irakurri bederatzi proposamenak hemen (PDF).

Hiru eragileen izenean, Garbiñe Aranburuk azpimarratu dau gehiengo zabalaren babesa dauela eskariak eta epe zehatz eta egingarriak ipinten deutsazala administrazinoari.

Mahai ganean oinarrizko adostasuna ipini dabela ganeratu dau Paul Bilbaok, sindikatu handienen eta euskalgintzearen arteko lankidetzan oinarritua. Egungo egoeratik aurrerapausu garrantzitsuak egiteko ordua dala uste dogu hiru eragileok, sektore publikoa euskalduntzeko nahikoa oinarri eta neurri sendoak batzen dituana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu