Unamuno gogoratuko dabe asteon Bilbon
2022-09-26 10:42 KultureaLora-eskaintzea eta erakusketea egongo ditue, besteak beste.
Miguel de Unamuno idazlearen jaiotzearen 158. urteurrena beteko da eguenean, irailaren 29an, eta urtero lez Bilboko Udalak haren ekarpena gogoratuko dau ekitaldi ugariren bidez. Lehenengo hitzordua martitzenean, hilak 27, izango da, Unamunoren izena daroan plazan, 10:30ean. Lora-eskaintzea egingo dabe.
Urtero erakunde publikoetako eta kultur munduko ordezkari ezagunak batzen dira lora-eskaintzan. Aurten, Juan Mari Aburto alkatea eta Gonzalo Olabarria Kultura zinegotzia egongo dira ekitaldian, Udalak aurreratu dauenez. Ohiko moduan, Miguel de Unamunoren bustoaren azpian egingo dabe lora-eskaintzea.
Hurrengo hitzordua eguenean izango da, 158. urteurrenaren egunean bertan. Bidebarrieta Kulturgunean Betierekoaren Metaforak. Miguel de Unamuno: erretratuak eta garaiko artistakaz harremana izenburudun berbaldia emongo dabe Marta Garcia Gascok eta Ana Chaguacedak (19:00). Hainbat idazlegaz Unamunok izan eban loturea jorratuko dabe.
Barikuan zabalduko daben Betierekoaren metaforak erakusketeagaz lotuta dago Bidebarrietako berbaldia. Marta Garcia Gasco da komisarioa eta Ana Chaguaceda Salamancako Unamuno Museo-Etxeko zuzendaria da.
Barrainkuako udaltegian ikusi ahal izango da erakusketea. Unamunok berak egindako erretratuak eta orduko artista ezagunek berari marraztutako erretratuak ikusi ahal izango dira, esate baterako, Macario Marcoartu, Joaquín Sorolla eta Unamunoren lagun min izandako Manuel Losadarenak.
Beste alde batetik, Bilboko Udalak jakitera emon dau XXII. Miguel de Unamuno Saiakera Lehiaketako irabazleen liburuak argitaratu dituala dagoeneko. Euskerazko modalidadean, Oskar Gazteluren Heriotzari aurrez aurre begira izan zan irabazlea; gaztelaniaz, Jorge Fernández Gonzaloren Espectropías. Pensar y habitar el espacio urbano.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!