Chillida Lekuk 'The Big Draw' nazinoarteko marrazki jaialdian parte hartuko dau

Bizkaie! 2022-09-26 10:23   Kulturea

Marrazketea hizkuntza unibersala da, komuniketako, ikasteko eta inguratzen gaituen mundua interpretetako balio dauena.

Chillida Lekuk bat egingo du aurten ere The Big Draw egitasmoagaz, marrazkia ardatz dauen nazinoarteko jaialdiagaz. The Big Draw-k marrazkiaren eta marrazteko ekintzearen garrantzia aldarrikatzen dau, gehienek umezaroan egiten daben jarduerea, baina edadeagaz alde batera ixten joaten dana.

Marrazketea hizkuntza unibersala da, komuniketako, ikasteko eta inguratzen gaituen mundua interpretetako balio dauena. Edizino honen gaia Kolorera bueltau da, besteen aurreko eta inguratzen gaituen munduaren aurreko maitasun gutuna. Urte larriak bizi ondoren, danon bizitzetan bizitasuna, osasuna eta jagoletzea bertopetea proponiduten dau gaiak. Azken urte honeek erronka handia izan dira guztiontzat; horregaitik, Chillida Lekuk marrazkiaren inguruan poztasun momentu bat konpartiduteko mezua dakar interesa daben persona guztientzako.

Edizino honetarako museoko obretan oinarritutako hiru jarduera diseinau dira: Marraztu zure irudizko lorategia izenburupean, lehenengo jarduerea Zuhaixka-mugan oinarritzen da, Piet Oudolf paisajisteak diseinautako lorategia, Chillida Lekuri ondoetorria emoten deutsona. Jarduereak lorategia begitutea proponiduten dau, urrian tonu leun eta biziz, okrez, gorrixkaz eta laranjaz beteten dana, parte-hartzaileak bere lorategia sortu daian.

Joan Miróren pentsamendua eta lana inspirazino iturri dira ikusten ez diran gauzak, inguratzen gaituen soinuak, haizearen mobimentua marrazteko gonbidatzen gaituen bigarren jarduerarako. Horretarako, Mirók gorria, horia, urdina, berdea, zuria eta baltza erabilten zituan bere amesei formea emoteko.

Chillidaren espazioak, barriz, proponisdutako hirugarren erronkearen protagonistak izango dira: Kolorea Chillidaren espazioetan. Ezaguna da eskultoreak ez ebala kolorea erabilten eskulturetan, nahiz eta materialak horreez beteta egon: granitoek arrosak, baltzak, gorriak eta zuriak ditue. Altzairuetan laranjak, marroiak edo baltzak dagoz. Zer koloretakoak dira Chillidaren espazioak? Sormena sustatzen dauen jarduera honegaz, parte-hartzaileek Chillidaren espazioen koloreak amesteko aukerea izango dabe.

Lapioza, errotulagailu baltza, koloretako arkatzak edo pinturak behar dira koloretako orbanak, formak, zirkuluak, karratuak, lerro kurbak, lerro zuzenak, horizontalak edo bertikalak, handiak edo txikiak, marrazki figuratiboak edo marrazki abstraktuak marrazteko; zirriborroak, letrak edo berbak be izan daitekez. Proponidutako jarduerek inguratzen gaituen guztiaren kolorea bilatzeko eta naturan eta artean ilusinoa barriro topetako animetan gaitue.

Urri osoan zehar, nahi daben eskolek museoa doban bisitau eta jardueran parte hartu ahal izango dabe. Urriaren 29an, zapatuan, kolorearen ospakizun egun handia izango da Chillida Lekun, komunidadeari The Big Draw jaialdian doban parte hartzeko gonbita egiten deutsona. Handiak, txikiak, helduak, gazteak, bakarrik, familian edo lagun artean, jente guztia dago museoa kolorez marraztera eta betetera gonbidatuta. Nahi dauenak hartu leike parte jardueran, edade guztietako personak, bertako jentea edo bisitan dagoana eta arteaz eta marrazkiaz gozau nahi dauen edonor.

Jarduereak museoko webgunetik deskargau daitekez eta marrazkiak Instagramen konpartidu ahal izango dira #ChillidaLekubigDraw traoleagaz edo argazki edo eskaneoa bialduz education@museochillidaleku.com helbidera.

The Big Draw

Marrazketearen munduko jaialdirik handiena da, urtero, marrazteagaz lotutako milaka jarduera batzen dituana, edade eta jatorri askotako personak museo, galeria, artista, diseinatzaile edo ilustratzaileakaz konektetan dituztenak. Urtero, The Big Draw-ek 1.000 erakunde baino gehiago inpliketan ditu zazpi kontinenteetan zehar eta 400.000 persona inguru erakarten ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu