Alaia Martin eta Joanes Illarregi, hurrengo fasera

Bizkaie! 2022-09-26 08:37   Bertsolaritzea

Getxoko eta Arrasateko saioak irabazi ditue, hurranez hurran.

2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehenengo saio biak jokatu dira astegoienean eta dagoeneko badakigu Alaia Martin eta Joanes Illarregi finalaurrekoetan izango dirana. Ganerako bertsolariak puntuen sailkapenaren zain geratuko dira hurrengo fasean kantauko daben jakiteko.

Zapatuan, Getxoko Muxikebarrin, alde handiz irabazi eban Alaia Martinek, 738 puntu batuta. Haren atzetik, bigarren izan zan Nerea Elustondo (695 puntu) eta hirugarren Agin Laburu (685). Atzerago, laugarren Oihana Bartra izan zan (653,5), bosgarren Unai Mendizabal (635) eta seigarren Peru Abarrategi (627).

Arrasaten, domekan, Joanes Illarregi izan zan onena, 678 puntugaz, baina bigarrena, Saioa Alkaiza, ez eban urrun izan (673). Hortaz, nafarrak izan ziran jaun eta jaube saioan. Hirugarren Iñaki Apalategi geratu zan (664), eta ondoren, Xabat Illarregi (659), Miren Amuriza (646,5) eta Gorka Pagonabarraga (616).

Getxoko Muxikebarrin zein Arrasateko Amaia Antzokian, giro bikaina egon da, zaleak gogoz egozan barriro Txapelketa Nagusiko bertsoak entzuteko, bost urteko itxaronaldiaren ostean. Aretoak bete-beteta egon dira.

Hurrengo saioa zapatuan, urriaren 1ean, jokatuko da, Gotaine-Irabarnen. Han izango dira Ane Labaka, Eneko Lazkoz, Julio Soto, Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran eta Patxi Iriart. Domekan, Gasteizen, Amaia Iturriotzek, Haritz Mujikak, Iban Urdangarinek, Manex Agirrek, Miren Artetxek eta Xabat Galletebeitiak kantauko dabe.

Finaleko sarrerak agortuta

Bertsozale Alkarteak azaldu dauenez, Iruñeko finalerako salgai egon diran sarrera guzti-guztiak agortu dira, saioa abenduaren 18an jokatuko dan arren. Pistakoak agortu ziran lehenengo, baina azken orduotan errebotekoak be amaitu dira. Ganerako kanporaketa guztietarako sarrerak eskuragarri dagoz oraindino, Bertso Sarrerak webgunean.

Bizkaie!-n be saio batzuetarako sarrerak emoten gabiz, tartean Iruñeko finalerako. Getxorako emon genduzan sarrera bikotx bi eta Durangon zemendiaren 12an jokatuko dan kanporaketarako dira hurrengoak. Saio bakotxaren aurreko egunetan emongo doguz, egon adi!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu