Bilboko Koral Alkartea Madrilen

Bizkaie! 2022-09-23 11:02   Musikea

György Ligetiren Requiemak edegiko dau programea.

Espainiako Musika Auditorium Nazionalean, irailaren 23, 24 eta 25ean, izango dira kontzertuak.

David Afkham maisuaren zuzendaritzapean, Bilboko Koral Alkarteak Espainiako Orkestra eta Koru Nazionala, Madrilgo Erkidegoko Korua eta Jenny Daviet (sopranoa) eta Barbara Kozelj (mezzosopranoa) bakarlariak izango ditu lagun.

Bilboko Koral Alkarteko 50 koralista Madrilgo Musika Auditorium Nazionalaren harmailan jesarriko dira, Koru Nazionaleko 80gaz eta Madrilgo Erkidegoko Koruko 20gaz, Espainiako Orkestra eta Koru Nazionalaren denporaldiaren hasiera ikusgarrian.

Edegiera programea denporaldi honetan 100 urte beteko dituen György Ligetiren Requiemak eta Richar Straussen orkestrarako azken obra sinfonikoak (Eine Alpensinfonie, op. 64, TrV 233 -Alpeetako Sinfonia-) osotuko dabe. Musika inspiratzaileok entzumenetik harago doazen sensazinoak biztu eta soinu-mundu barriak gogora ekarten ditue, baita Stanley Kubricken 2001: Odisea espazioan filma be.

Era berean, Bilboko taldeak Dies Irae interpretauko dau -Requiemeko hirugarren mobimentua. Konpositore hungariarraren katalogoko eta XX. mendearen bigarren erdiko musikako obra nagusi hau David Afkhamek zuzenduko dau.

Sarrerak www.entradasinaem.es webgunean edo Espainiako Musika Auditorium Nazionaleko txarteldegian erosi daitekez eta, denporaldi honetako nobedade legez, azken minutuko sarrerak auditoriumeko gune guztietara zabaldu dira, 30 urtetik beherakoentzat. Sarrerak 5 euroan erosi daitekez kontzertua hasi baino ordubete lehenago, Espainiako Musika Auditorium Nazionaleko txarteldegian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu