Mantala euskal gastronomia sustatzeko ekimenak Euskal Gastronomiaren Topaketea atondu dau

Bizkaie! 2022-09-23 09:16   Jan edanak

Sektorearen etorkizuna eta erronkak jorratuko ditue irailaren 27ko hitzorduan.



Zelan bultzatu euskal gastronomia? Zelan emon ikusgarritasuna sektoreari? Zelan indartu erakundeen arteko loturak? Galdera horreei eta beste batzuei erantzun gura jake Mantalaren (mantala.eus) bidez. Jakintza-trukea bultzatuz euskal gastronomia sustatzeko ekimena da Mantala. Basque Culinary Center-ek; HAZIk; Mahaia Kolektiboak; Gozoak, Gipuzkoako Artisau-Gozogileen Alkarteak; Jakiteak; Euskal Gastronomiaren Akademiak; eta Fecogak, Kofradia Gastronomikoen Federazinoak, bultzatzen dabe ekimena.

Mantala Euskal Gastronomiaren Topaketea atondu dau irailaren 27an, Basque Culinary Centerren eta euskal sektore gastronomikoa batuko dau, ikuspegiak trukatu eta etorkizunari buruz hausnartzeko. Gastronomiaren balio-kateko kideak (sukaldariak, produktoreak, ekintzaileak, industria gastronomikoa eta erakundeak) batuko dira egun horretan eta komunidade gastronomikoak ezagutzak eta ikuspegiak konpartiduko ditu. Ekitaldian gastronomiaren sektoreko 300 profesional inguru batzea espero da.

Jardunaldiaren lehen zatia 09:30ean hasiko da, Basque Culinary Centerreko auditoriumean: Hainbat berbaldi izango dira, besteak beste, Pedro Subijana, Elena Arzak, Aitor Arregi, Telmo Rodriguez, Lorena Gomez, Xabier Zabaleta, Juanma Oribe, Julen Baz, Nagore Irazuegi eta Itziar Insaustik eskainitakoa. Gainera, euskal kulturako artista garrantzitsu batzuek be parte hartuko dabe, besteak beste, Alaia Martin eta Jon Maia bertsolariek eta Mikel Urdangarin musikariak.

Topaketearen bigarren zatia hunkigarria izango da, Juan Mari Arzakek Basque Culinary Centerreko Patronatuko kide lez egin dauen lana autortuko jakolako eta erakundearen ohorezko patrono izentauko dabelako.

Euskal Gastronomiaren Topaketa jardunaldiaren amaieran, bertaratuek bazkari bikaina izango dabe Mahaia Kolektiboko sukaldari eta produktoreen eskutik: Roberto Ruiz (Hika), Jon Ayala (Laia), Gorka Txapartegi (Alameda), Pili Manterola (Iribar), Xabier Gorrotxategi (Casa Julían), Dani López (Kokotxa), Aitor Arregi (Elkano), Aizpea Oihaneder (Xarma), Enrique Fleischmann (Bailara), Igor Arregi (Kaia), Rubén Trincado (Mirador de Ulía), Ismael Iglesias (Rita) Pablo Loureiro (Casa Urola), Paul Arrillaga (Zazpi), Basque Wine, Segurako Talogileak, Euskal Gaztaiak (Abatza), Euskal Ogia, Maisor Getaria eta Euskal Gozoak.

Aurkezpenean izan dira: Basque Culinary Center-eko zuzendaria, Joxe Mari Aizega; Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismoko zuzendari nagusia, Iker Goiria; eta Eusko Jaurlaritzako Kalidadeko eta Elikagaien Industriako zuzendaria, Raúl Pérez Iratxeta. Mantala osotzen daben erakunde batzuetako ordezkariek be parte hartu dute: Aitor Arregi, Elkano jatetxekoa, Mahaia Kolektiboaren izenean; Lorena Gómez, Gozoako burua, Gipuzkoako Artisau-Gozogileen Alkartea ordezkatuz; Xabier Zabaleta, Jakiteako burua, Gure Betiko Sukaldaritzaren izenean; eta Imanol Zubelzu, Mantalaren koordinatzailea.

Mantala

Jakintza-trukea eta alkarrekin sortzea bultzatuz euskal gastronomia sustatzea helburu dauen ekimena da Mantala Basque Gastronomy. Basque Culinary Center-ek eta Hazi-k sustatzen dabe, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Ingurumen eta Jasangarritasun Sailak bultzatutako Euskadiko Gastronomia eta Elikadura Plan Estrategikoaren arloan. Mantala ekimenean, gainera, eragile-sare batek parte hartzen dau, besteak beste, Mahaia Kolektiboa, Gozoa, Jakitea, Gastronomiaren Euskal Akademia eta Fecoga.

Mantalak ezagutza eta interakzino-gunea da eta bertan batzen dira gastronomiaren arloko ikerkuntzan, zabalkundean eta lankidetzan oinarritutako hainbat eduki eta proiektu. Ekimenak euskal gastronomiaren nortasun-balio nagusiak sustatzen ditu, etorkizunerako ikuspegiari eutsiz, kalidadeko eduki digitalak zabalduz eta ikusarazoz: mantala.eus webgunea eta sare sozialetako zenbait profil baliogarri dira ekimenen edukia eta euskal gastronomiari buruzko eduki esklusiboak zabaltzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu