EHUren Udako Ikastaroak, askotarikoak eta jentetsuak
2022-09-23 08:18 KultureaAurtengo ekitaldian 14.695 lagunek hartu dabe parte.
Amaitu da EHUren Udako Ikastaroen 41. edizinoa, eta balantzea egin dabe unibersidade publikoko arduradunek, parte-hartzaileen kopuruari ez eze, gizartean izandako eraginari eta eskaintza askotarikoari begiratuta. Udako Ikastaroen zuzendari akademiko Itziar Alkortak eta Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Agustin Erkiziak emon dite azalpenak.
Hasteko eta behin, aurtengo edizinoa dibersifikazinoaren erakusgarri izan dala azpimarratu dabe. Udako Ikastaroak gero eta askotarikoagoak dira, jorratutako gai akademikoen zein formatuen aldetik. Online, aurrez aurre edo modu hibridoan, ikasleek eskaintza zabala izan dabe eskura, ezagutzea barritzearen eta zabaltzearen aldeko etenbako apustuari eutsita.
Donostiako Miramar Jauregia izan da egoitza nagusia, 99 ikastaro emon dira han. Bilbon be eskaintza gero eta zabalagoa dago (22), eta Euskal Herriko beste uri askotan be jarduerak antolatu ditu EHUk udan. Publiko guztiarentzako jarduerak, workshopak eta online ikastaroak kontuan izanda, 203 jarduera programau ditue.
Danetara, 14.695 parte-hartzaile izan ditue Udako Ikastaroek. EHUren arabera, publiko gazteagana heltzea izan dabe helburu, eta lortu dabe. Nazinoartekotzean be sakondu dabe, herrialde ugaritako jenteak hartu dau parte: Alemania, Argentina, Kolonbia, AEB, Frantzia, Herbehereak, Erresuma Batua, Suitza...
Udako eskaintzea amaitu dan arren, ikastaroetako edukiaren zati bat interneten dago eskuragarri. Esate baterako, 50 adituren berbaldiak online ipini ditue, modu edegian, interesa daben guztiek ikusi eta entzun deiezen. Bestetik, 2023ko Udako Ikastaroetarako proposamenak aurkezteko epea zemendiaren 2tik abenduaren 2ra egongo da zabalik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!