Mintzolak eguneroko berbakerea landuko dau
2022-09-22 13:01 Euskerea berbagaiIkerketan, ezagutzearen transferentzian, formazinoan eta sustapenean jardungo dau Mintzolak.
Mintzola Fundazioa 2021ean azkendu ondoren, Mintzola egitasmoa berbakerearen lantegia izango da aurrerantzean. Horretarako, Euskaltzaindiak bere lan eremua, lehentasunezko lan arloak eta jarduerak finkatu ditu eta horreek guztiak ahozkoaren inguruan lan egiten daben eragileen aurreko lankidetzan landu nahi ditu Euskaltzaindiak.
Kontuak kontu, ikerketan, ezagutzaren transferentzian, formazinoan eta sustapenean jardungo dau Mintzolak aurrerantzean. Horren haritik, ikerketea sustatzeko deialdi bi egin ditu Euskerearen Akademiak: Bata, euskeraz egiten dan ahozko jardunari buruzko gradu amaierako bost lan saritzeko; eta bestea, euskeraz egiten dan ahozko jardunari buruzko ikerketa edota master-amaierako bost lan saritzeko.
Era berean, lehentasunez honako gai honeen inguruko beste ikerketa batzuk be bultzatuko ditu:
1. Eguneroko berbakerea: ezaugarriak.
2. Eguneroko berbakerea euskal komunidadean: Corpusaren osoketea, mapak eta diagnostikoa.
3. Gaztelera eta frantsesaren aurreko desorekea euskal gazteen eguneroko berbetarako adierazkortasunean. Faktore horren eragina hizkuntza-hautuan.
4. Hezkuntza araututik eta arautu bako hezkuntza edo aisialditik eguneroko berbakerarako adierazkortasun-baliabideak sustatzeko bideak eta tresnak.
5. Hedabideetatik eguneroko berbakerarako baliabideak sustatzeko bideak eta tresnak.
6. Euskalkiak eta estandarra ahozko berbakerearen funtzinoetan: Jardunbideen azterketa eta jarraibide batzuk sortzeko oinarriak.
7. Hitanoaren diagnostikoa eta hikako moldearen erabilerea sustatzeko bideak eta tresnak.
Ahostegunak eta Ahots Baten sormen egonaldiak
Aspalditik datozen beste egitasmo bi be bultzatuko ditu Euskaltzaindiak, Mintzola egitasmoaren bidez. Proiektu honeekaz eta erakundeen arteko alkarlana oinarri hartuta, gazteek euskeraz egiten diran hainbat ahozko adierazpide ezagutzeko edota euskerazko berbakera informala lantzeko aukerea bultzatu
nahi da, ahozko kultura-sorkuntzaz gozetako aukerea emonda.
Ahostegunak: 18 eta 22 urte bitarteko gazteei zuzenduta, antzerkian, bertsolaritzan, kantuan eta literaturan sartzeko, gozetako eta sakontzeko saioak.
Ahots Baten sormen egonaldiak: Euskerazko ahozko sorkuntzan dabiltzan gazteak batu, euren artean hartu-emon sareak egiteko eta adierazpideekaz esperimentetako helburuz sortutako egonaldia.
◦ Urriaren 29tik zemendiaren 1era izango da, Amaiurko (Nafarroa) aterpetxean.
◦ Izen-emotea: www.euskaltzaindia.eus/mintzola atarian (urriaren 3tik 20ra).
Aitatu proiektu bi horreezaz gan, mintegiak be atonduko dira, ezagutzaren transferentzia eta formazinoa sustatzeko.
Zer da Mintzola?
Mintzola Ahozko Lantegia 2008an sortu zan. Bertsolaritzea ardatz hartuta, ahozko tradizinoaren gaineko hausnarketeari eta ahozkotasunari lotutako diziplinen arteko alkarreragina bultzatzea izan dau helburu azken urte honeetan, gizartearen premina barriakaz buztartuz eta, era berean, diziplina horreek indartuz. Horretarako, bertsolaritzearen ikerketan sakontzen eta, horreetan landutako hausnarketak gogoan, euskeraz dabizen ahozko beste kultur sorkuntzetara eta nazinoarteko beste kantu inprobisatuetara zubiak eregiten saiatu da azken hamarkada honetan.
2021eko garagarrilean, Mintzola Fundazinoaren ibilbidea amaitutzat emotea erabagi eben aho batez, patronatuko kideek. Bertsogintzaz harago, ahozko gainerako diziplinetan gehiago sakondu eta eragiteko beharrak bultzatuta hartu eben erabagia. Orduan, Euskaltzaindiari eskaini eutsen Mintzolaren jardunagaz jarraitzea. Euskerearen Akademiak baiezkoa emon eutson proposamenari eta inplikautako eragileek prozesu barri bat bultzatu dabe ordutik, euskerazko ahozko jardunaren ikerketeari eta dibulgazinoari jarraipena emoteko helburuari eutsiz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!