Eragin Linguistikoaren Ebaluazinoa egingo dabe Diman
2022-09-22 12:38 Euskerea berbagaiEra horretako ordenantza bat onartu dauen lehenengo udalerria da.
Herrian onartzen diran plan eta proiektuek hizkuntzearen alorrean izan leikien eragina aztertzeko metodologia da Eragin Linguistikoaren Ebaluazinoa. Izan be, euskaldunen proportzinoa edo kalean erabilten dan hizkuntzea aldatu leikie urigintzeagaz edo turismoagaz lotutako egitasmo batzuek. Dimako Udalak metodologia hori kontuan hartzeko ordenantzea onartu dau.
UEMA da Eragin Linguistikoaren Ebaluazinoa egiteko erespideak ezarri dituana, baina udal bakotxak ordenantza bidez zehaztu behar dau metodologia hori apliketako araua. Dimakoa izan da halako ordenantzea onartu dauen lehenengoa.
Dimako Udaleko ordezkarien berbetan, pausu garrantzitsua da euskerearen normalizazinoan: Gure eginkizuna be bada udalean holako ordenantzak onartzea; ondorengoei gauzak ondo egiteko tresnak emotea, eta egingo danaren bermea izatea. Euskerea zeharkakotasunez lantzeko tresnea izango da, ordenantza barriaren arabera. Lantalde txikia gara eta danok dogu argi euskerearen presentzia, erabilerea eta sustapena danoi jagokula.
Herrian agertzen diran plan eta proiektuei jarraipen sistematikoa egingo jake aurrerantzean, eragin linguistikoa ebaluatzeko batzordearen bidez. Dimak, UEMAko udalerria eta arnasgunea izanik, uri-antolamenduari eta turismoari lotutako planetan ELE aplikauko dau, baita bestelako plan eta proiektuetan be, esate baterako, merkataritza gune handiak eregiteko asmorik balego.
Hizkuntza normalizetako, norbanakoak euskalduntzeaz gan, ezinbestekoa da espazio geografiko zein funtzionalak euskalduntzea. Horregaitik, Diman plan edo proiekturen batek hizkuntzearen egoeran eragin negatiboa izango dauela aurreikusi ezkero, hainbat neurri zuzentzaile edo aringarri aplikau ahal izango dira, besteak beste, proiektuen tamaina txikitzea; herriko beharretara egokitutako ekipamendu zein zerbitzuak aurreikustea; bisitari kopuru jasangarria sustatzea; eta enpresakaz komunikazino zein kontratazino erespideak finkatzea, euskereari lehentasuna emoteko.
Irakurri ordenantzea hemen (PDF).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!