Xostakovitxen '8. sinfonia', Euskadiko Orkestrearen denporaldiari ekiteko
2022-09-22 10:20 MusikeaAlexei Volodin pianistea konbidadu dala, Manuel de Fallaren piezak be joko ditue.
Irailaren 23tik 29ra Hego Euskal Herriko lau uriburuetan interpretauko dauen programeagaz, 2022-23 kontzertu denporaldiari ekingo deutso Euskadiko Orkestreak. Hasiera indartsua izango da, Dmitri Xostakovitxen 8. sinfonia eta Manuel de Fallaren Espainiako lorategietako gauak joko dituelako musikariek, Robert Treviño zuzendari titularraren aginduetara.
Tragedia gainditzea da abonu denporaldi honetako goiburua, eta lelo horregaz bete-betean dator Xostakovichen obrea. II. Mundu Gerrako jazoera ikaragarrien sasoian, 1943an, idatzi eban 8. sinfonia konpositore errusiarrak, Europa astintzen eban sufrimendua adierazoteko asmoz. Gitxitan interpretetan dan arren, intensidade tragiko handiko eta eragin sakoneko obrea dala azaldu dau Treviñok.
Xostakovitxen doinu tragikoei kontrapuntua ipinteko, Manuel de Fallaren Espainiako lorategietako gauak be joko dau Euskadiko Okrestreak. Alexei Volodin pianista errusiarra izango da bakarlari konbidadua Manuel de Fallaren doinuak interpretetako.
Lehenengo kontzertua Gasteizko Principal Antzokian izango da, irailaren 23an, barikua. Hurrengo hitzordu biak Donostiako Kursaalean izango dira, hilaren 26an eta 27an, eta Iruñeko Baluarten 28koa. Amaitzeko, Bilboko Euskalduna Jauregian izango da Euskadiko Orkestrea 29an, eguenean. Kontzertu guztiak 19:30ean hasiko dira. Sarrerak hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!