David Cronenberg zinemagileak bigarren Donostia Saria jaso dau
2022-09-22 09:02 ZinemeaKanadarrak Gaspar Noéren eskutik jaso dau saria.
Victoria Eugenia Antzokian egindako galan, Crimes of the Future ikusteko aukerea egon da, Cannesko azken zinema-jaialdian lehiatu zan Cronenbergen film barria.
Pentsau izan dot ibilbide osoarengatik sari bat jasotea filmak egiteari ixteko mezua zala eta honako hau esan nahi ebala: Nahikoa da, itxi filmak egiteari. Baina denporeagaz ulertu dot hori ez dala holan, batez be holako sari bat jasoten nagoalako, holako historia dauen zinema-jaialdian eta hain polita dan urian jasoten dodalako. Filmak egiten jarraitzeko bizigarri lez jaso dot Donostia Saria, esan dau. Sarritan pentsau dot artea krimena dala, arauaren aurrean subersiboa dalako eta gure giza izakeraren alderdi gogorrak, subersiboak eta ezegonkorrak jorratzen ditualako. Arteak zerbitzu bat emoten deutso zibilizazinoari, ulertu ahal izateko, lurrean gizarte zibil bat izaten jarraitzeko beharrezkoak diran gauza horreei adierazpide bat emoten deutselako. Uste dot orain be, inoiz baino gehiago beharrezkoa dala artearen krimena, batez be azken urteotan jazotakoak ikusita. Horregaitik, honako hau esango neuke: Gora zinema kriminala!, aldarrikatu dau.
Gaspar Noék Ozeko Azti moduko bategaz alderatu dau Cronenberg, izan be, gaztetatik modu personal eta bakarra sortu eban zinemearen esentzia hipnotikoari heltzeko eta gai eta trikimailu barriak sortu zituan, aldi berean biologo baten, zirujau baten eta psikiatra baten bilaketa emoten ebenak. Bere film guztiakaz gure existentzia birpentsetako aukerea emon deusku, ezohiko ikuspegi zoro eta heldu baten bitartez, adierazo dau.
2020an Viggo Mortensenek Donostia Saria jaso eta Falling zuzendari legez egindako hasierako filma aurkeztu eban. Film haretan papel bat antzezten eban Cronenbergek galan proiektautako bideo baten bidez zorionak bialdu eutsozan eta gaur, barriz, Mortensenek agurra eta zorionak bueltau deutsoz beste bideo batean: David maitea. Zorionak Donostia Zinemaldiak merezidu dozun autortzea egin deutsulako. Mito bizia zara zinemagileentzat zein zinemazaleentzat mundu osoan. Benetako ohorea eta pribilegioa izan da niretzat zugaz lan egitea eta zugandik hainbeste ikastea urte honeetan guztietan. Zorionak, lagun maitea. Espero dot egun zoriontsuak izatea Donostia ederrean. Espero dot gau zoragarria izatea uri eder-eder honetan. Maite zaitut, David, adierazo dau aktore eta zuzendariak, berbaldiaren amaieran euskerea erabili dauenak.
Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiaren zuzendariak ekitaldia aurkeztu eta zinemagilearen ibilbidea goraipatu dau: Cronenberg gure giza izakerearen alderdi ezkutuenaren erretratugilea da, erakustemn ez dogun baina benetan garenaren oinarrizko zatia dan alde horren erretratugilea.
David Cronenbergek (Toronto, Kanada, 1943)
Gaixotasuna, indarkeria, sexua, gorputza, esperimentazino zientifikoa eta holako gaien inguruan eratu dau bere filmografia, izan be, esperimentazino zientifikoak oso presentzia handia dau Shivers (1975), Rabid (1977) eta The Brood (1979) filmeetan.
Scanners (1981) eta Videodrome (1983) filmeek finkatu eben Cronenbergen ospea. The Fly (1986) lanean insektu bihurtzen dan zientzialari baten istorioa kontau euskun; horren ondoren, ginekologo biki biren rola egin eban Jeremy Ironsenek Dead Ringers (1988) Cronenbergen filmean eta operako diva batez maitemintzen den diplomatiko batena, berriz, M. Butterfly (1993) pelikulan.
Idazleen liburuak be egokitu izan ditu: Stephen King (The Dead Zone, 1983), William Borroughs (Naked Lunch, 1991) eta J. G. Ballard (Crash, Epaimahaiaren Sari Berezia Cannesen, 1996), adibidez.
Bestalde, eXistenZ (1999) pelikulan errealidade birtuala jorratu eban eta Spider (2002) filmean, barriz, gaixotasun mentala. Ondoren, Viggo Mortensen presentzia izan eban A History of Violence (2005) eta Eastern Promises (Sail Ofiziala, 2007) thrillerretarako eta A Dangerous Method (2011) lanetarako. Geroago, Cosmopolis (2012) eta Maps to the Stars (2014) etorri ziran eta Julianne Moorek emakumezko aktore onenaren saria irabazi eban Cannesen lan horri esker.
David Cronenbergek beste zinemagile batzuen filmetan be lan egin izan dau aktore lez, besteak beste, Nightbreed (1990, Clive Barker), To Die For (1995, Gus Van Sant), Extreme Measures (1996, Michael Apted) eta Falling (2020). Gainera, Kanadako Ordenagaz saritu dabe eta Frantziako Arte eta Letren Ordenako ofizial eta Ohorezko Legioko zaldun be bada. 2014an, lehen eleberria argitaratu eban, Consumed: A Novel izenekoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!