Goitik behera erabarrituko dabe Artxandako Funikularra
2022-09-21 10:49 Pil-pileanGeltokiak zein bagoiak aldatuko ditue, eta energia aurreztean jarriko dabe arretea.
1915ean inaugurau eben Artxandako Funikularra eta 107 urteotan birmoldaketa bat baino gehiago izan dituan arren, laster ekingo deutso historiako eraldaketarik handienari, Bilboko Udalak azaldu dauenez. Azpiegiturak eurak barritzeko beharra dago eta, horrezaz gan, eten barik hazten doan erabiltzaile kopuruari eta ingurumen alorreko eskakizunei erantzutea da helburua.
Bidaiariak garraiatzen gora eta behera ibilten diran bagoi biak XXI. mendeko beharretara egokituko dituela azaldu dau Nora Abete zinegotziak. Edukiera handiagoa izango dabe, erabiltzaileak be gero eta gehiago diralako: aurtengo udan 2019an baino % 20 gehiago erabili da funikularra eta urte osoan miloe bat bidaiaritik gora izango dituala aurreikusi dau Udalak.
Geltokiei jagokenez, beharbada behekoak izango dau aldaketarik deigarriena, izan be, kanpoko horman lorategi bertikala ipiniko deutse. Castaños eta Matiko auzoak lotuago egongo dira obren ostean.
Proiektua ez da bakarrik estetikoa: ekimenak airearen kalidadea hobetu, giroko tenperaturea jatsi eta barruko eta kanpoko zaratea gitxituko dau, azaldu dau Abetek.
Ingurumena eta energia sortzeko iturri berdeak gogoan, eguzki panelak ipiniko ditue funikularraren eraikinen goialdeetan. Ganera, ibilgailuek galgak erabilten dituenean sortzen dan energia aprobetxetako sistemea ipiniko dabe.
Jarduteko modu eraginkorragoari esker, funikularrak aurten bertan % 20-25 bajatu dau energia konsumoa. Obrak egiten diranean, % 50 baino gehiago aurreztuko dala kalkulau dau Udalak.
Erabarritze lanak hurrengo hileetan hasiko dira, zati bakotxa lizitau ahala. Bagoiak barritzeak hartuko dau aurrekontuaren parterik handiena, 3,5 miloe euro inguru. Dana dala, behin betiko zifra zehatzik ez dago, oraindino erabagi batzuk hartu behar diralako. Esate baterako, teknikariak aztertzen dabiz gaur egungo ibilgailuen oinarria erabili leiteken edukierea handitzeko ala bagoi guztiz barriak eskatu beharko dituen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!