Udaltzaingoen gaineko sententziak herritarren eskubide urraketak betikotzeko arriskua dakar
2022-09-20 13:34 Euskerea berbagaiLanpostu finkoen deialdietan be neurri zehatzak hartu behar dirala aldarrikatu dau Behatokiak.
Gasteizko Administrazinoak, Auzien 2. Epaitegiak EAEko udaltzaingoen lan-poltsetan B2 hizkuntza-eskakizuna egiaztatu behar izatearen kontra ebatzi dau. Behatokiak salatu dau Gasteizko Epaitegiaren sententziak herritarren eskubideen kaltetan eta ondorioz zerbitzuaren kalidadean eragingo dauela, izan be, lan-poltsan dagozan hautagaiek edozein postu beteteko kapaz izan behar dabe, gehienetan herritarrei zuzeneko arretea izateaz gan, lanpostu guztiak herritarren segurtasunari lotutako lanpostuak baitira. Ondorioz, euskerazko arretea bermatzeko kapaz izan beharko litzatekez kasu guztietan, herritarren eskubideak errespetau eta kalidadezko zerbitzua eskaini nahi badira. Zoritxarrez, herritarrari beharrezko euskerazko arretea eskaini barik jarraitzen dogu eta urtero herritarren hizkuntza hautua baldintzatzen daben ehunka kasu jasoten ditu Behatokiak.
Lan-poltsetan hautagaiek bete beharreko baldintza minimoa B2a izateak aparteko garrantzia eban zerbitzuaren betekizunak herritar guztiei bardintasunean bermatzeari begira baina, epaitegietan neurri hori atzera botatea, eskubide kolektiboen kontrako neurria izateaz gan, egunerokotasunean udaltzaingo zein zerbitzu publikoetako bestelako alorretako hutsuneak ez gainditzeari begirako erabagia da. Lan-poltsa horreetan sartzeko beharrezkoak diran beste baldintza batzuk auzitan jarten ez diran bitartean, euskerearen kasuan behin eta barriro epaitegietara eroaten ditue neurri danak.
Aurtengo udan be, B2a nahitaezkoa ez zan aurreko urteetako lan-poltsetako udaltzaingoak izan dira lanean eta ondorioz, udaltzainen behar handiena izaten dan garaian, hainbat udaletan euskeraz artatzeko kapaz ez ziran udaltzaingoak kontratau dira. Donostiako Udalaren kasuan adibidez, aurten be, Udaletik hizkuntza eskakizuna egiaztatuta eben hautagaiak eskatu arren, Arkautetik eskakizun hori ez eben lan-poltsetako hautagaiak eskaini eutsiezan, zerrendetan euskerearen gitxieneko ezagutzak zituan hautagairik geratzen ez zala esanaz. Holakoei aurre egiteko beharrezkoa da lan-poltsa barrietan hautagai danek lanerako
beharrezko euskerearen gitxieneko ezagutzea egiaztatuta dabela bermatzea.
Bestalde, lan-poltsez harago, neurri zehatzak hartu behar dira lanpostu finkoen deialdietan, izan be, oraindik orain, euskerearen ezagutza egiaztatzeko derrigortasun datak iraungi barik dituen lanpostuen deialdiak argitaratzen dira. Ondorioz, lanpostu finkoen kasuan be, euskerazko arretea bermatzeko gaitasunik ez daben hautagaiak sartzen dira, herritarren eskubide urraketak betikotuz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!