Hiru lantegi edegi dakarz Aikok ikasturteari ekiteko

Bizkaie! 2022-09-20 13:33   Kulturea

Bilboko Kasilda Iturrizar parkean, martitzen, eguazten eta eguen arratsaldean.

Urrian hasiko dau Aiko Taldeak 2022-23 ikasturtea, baina aurretik jarduera batzuk atondu ditu, motorrak berotu eta udagoienak dakarrenerako preparetan hasteko. Lehenik eta behin, martitzen, eguazten eta eguenean (irailaren 20, 21 eta 22an), mundu guztiari edegita egongo diran jantza-tailerrak egingo ditue Bilboko Kasilda Iturrizar parkean, egunero 19:00etan hasita.

Egun bakotxean egitarau diferentea egongo da. Gaur, martitzena, balseoa izango da ardatza; bihar jantza soltea; eta etzi, jantza tradizionalaren alderdi klasiko bati helduko deutse, jauziei. Eguraldia lagun izango dabela dino iragarpenak, beraz, Aikokoek giro ederra egongo dala ziurtatu dabe. Izan be, aire zabalean, Pergolearen aurreko zabalgunean, egingo ditue saioak.

Astegoienean be jantzazaleentzako plan ederrak dakarz Aikok, horreek be doban. Bilbon zein Donostian jantzapoteoak egingo ditue, kalerik kaleko eta tabernarik tabernako erromeria mobikorrak. 12:00etan hasiko dira, zapatuan Bilbokoa (abiapuntua Arbieto kalean) eta domekan Donostiakoa (Sarriegi plazan hasita).

Aste honetako ekitaldien ondoren, 2022-2023 ikasturteari modu ofizialean ekingo deutso Aiko Taldeak. Aurrez aurreko klaseak zein jantzan ikasteko online plataformea eskainiko ditue aurten, urriaren 3an hasita, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Ohiko saioak Bizkaiko zazpi herritan egingo ditue: Bilbon, Durangon, Gernikan, Lekeition, Galdakaon, Markinan eta aurten ekimenagaz bat egin dauen Barakaldon.

Era askotako prestakuntzea emongo dabe, besteak beste, jotea, porrua edo jauziak, balsa, pasodoblea, txotisa, mazurka eta polka. Hasierako zein hobekuntzako mailak dagoz aukeran.

Gozatu, Bizi, Dantzatu! da aurtengo Aiko Eskolako ikastaroak aurkezteko leloa, emongo dan prestakuntzearen izakerearen erakusgarri: jantzea espazio demokratiko, ludiko, libre eta dibertigarria dala aldarrikatzen dau Aikok. Horrezaz gan, jantza tradizionala eguneratu eta barritzeko ahelgina be bada, eta gozamena eta beste persona batzukaz alkartzeko modua dago klaseetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu