'Teknopolis' saioaren 25. denporaldia zapatuan hasiko da

Bizkaie! 2022-09-19 12:36   Pil-pilean

Zientzia, teknologia eta barrikuntzea lantzen dira.

Usurbilen batu dira saioaren bultzatzaile eta babesle guztien ordezkariak (argazkia: Elhuyar) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal komunikabideetan zientzia, teknologia eta barrikuntza gaien erreferente bihurtu da Teknopolis, mende laureneko ibilbide luzeari esker. Zapatu honetan ETB1en hasiko dana 25. denporaldia izango dau saioak. Usurbilen Elhuyar Fundazinoak daukan egoitzan aurkeztu dabe sasoi barria.

Irudi barri eta guzti dator 25. denporaldia, baina betiko helburuari eutsita, hau da, ikusleak zientziara erakartea, modu atsegin eta dibulgatiboan. Teknopolis-en beraren izakereagaz bat datorren irudia diseinau dabe, Iñaki Leturia aurkezle eta zuzendariak azaldu dauenez: irudi garbia eta zehatza da, lehen begiratuan ikusten dana eta informazino argia emoteko helburua be badau.

Nagore Rementeria izango da saioaren zuzendaria, Leturiagaz batera. Zapatuetan, 13:30ean emongo dabe Teknopolis ETB1en, euskeraz. Gaztelaniaz, ostera, domeketan 12:15ean, ETB2n. Denporaldi barrian gaur-gaurko gaiak landuko ditue, besteak beste, klima larrialdia. Norbanakook ezin deutsagu iskin egin eta gure erantzunkizuna be bada klimaren inguruko informazino zehatza eta zorrotza emotea, eta aditzera emotea zenbateraino eragiten dauen aldaketa global horrek, dino Leturiak.

Eusko Jaurlaritzako Ikerketa zuzendari Amaia Esquisabel be izan da Usurbileko aurkezpenean. Zientziaren, teknologiaren eta barrikuntzearen zabalkundean Teknopolis erreferente dala nabarmendu dau, eta gizartearen eskariari erantzuten deutsala 25 urteko bideak: Hainbeste urtez bizirik iraun dauen programa batek agirian ixten dau gure gizarteak interesa dauela zientziagaz eta teknologiagaz. Saioa euskal zientziaren eta mundu mailakoaren leihoa dala ganeratu dau.

Teknopolis-en bultzatzaileetako bat dan Elhuyar Fundazinoarentzat berezia da saioak 25 denporaldi bete izana, Elhuyar bera be 50. urteurrena ospatzen dabilenean. Euskal Herrian egiten dan zientziaren erakusleiho aparta izateaz gan, herritarrak hezteko eta ikuspegi kritikoa eregiteko egiten dogu lan, azaldu dau Jon Abrilek, Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak.

Elhuyarren, ETBren eta programearen babesle guztien arteko lankidetzea giltzarritzat jo dau Abrilek: Hau ezin dogu guk bakarrik egin. Komunidade oso baten laguntzinoa beharrezkoa da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu