Bost kirol federazino eta Jaurlaritzea bat eginda, euskerea bultzatzeko
2022-09-19 07:45 Euskerea berbagaiPelotan, errugbian, gimnasian, txirrindularitzan eta surfean formakuntzea emongo dabe.
Kirolean euskerea gero eta gehiago erabili daiten, pausua egin dabe bost federazinok eta Eusko Jaurlaritzeak, Kiroletik, bagoaz euskaraz lemadun konpromisoa sinatuta. Donostian aurkeztu dabe egitasmo barria, eta hantxe izan dira Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiria eta Euskadiko Kirol Federazinoen Batasuneko kudeatzaile Leire Gerenabarrena.
Konpromisoan parte hartuko daben bost federazinoetako ordezkariak be hantxe izan dira. Pelota, errugbi, gimnasia, txirrindularitza eta surf federazinoak dira. Entrenatzaileei edo etorkizunean entrenatzaile izango diranei formakuntzea emongo deutse, euskerea euren jardunean sartu deien.
Helburua entrenatzaileak erdigunean jartea da, eurak diralako kirolari gazteakana zuzen-zuzen heltzen diranak eta, beraz, hizkuntza-aktibazinoan eragin handiena dabenak. Konpromisoaren helburuak lau dira:
- Prestakuntzea: Federazino bakotxak gitxienez hastapen-mailako ikastaro bat emongo dau urtean.
- Hizkuntza-prestakuntzea: Entrenatzaile-ikastaroagaz batera, hizkuntza estrategien modulua antolatu eta eskainiko dabe bost federazinoek.
- Hizkuntzearen kudeaketea: Federazino bakotxa erakundearen kudeaketan hizkuntza-faktorea txertatzen hasiko da, diagnostikoa egin eta kudeaketa barria diseinauta (euskera planak).
- Sustapena: Egitasmoan parte hartuko daben federazinoek euskerearen erabilerea sustatzeko ekintzak egingo ditue, EKFB koordinatzaile dala.
Euskerearen erabilerea areagotzeko entrenatzaileakan eragin nahi bada, behar-beharrezkoa da kirol-federazinoek akulu lana egitea, horretan erabat bat gatoz Euskal Kirol Federazinoen Batasuna eta Eusko Jaurlaritzea, adierazo dau Bingen Zupiria sailburuak. Federazinoetan zenbat eta gehiago eragin hizkuntzearen ikuspegitik, orduan eta eredugarriago izango dira kirol hori praktiketan daben klub eta kirolarien begietara.
Aisialdian eta eremu ez-formalean euskerearen erabilerea zabaltzeko giltzarria da kirola, Zupiriak ganeratu dauenez. 18 urte bitarteko gazteen euskerearen erabileran eragiteko asmoz aurkeztu eban Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, 2021ean, Kirolean Euskara Sustatzeko 2021-2024 Plana. Besteak beste, entrenatzaileen prestakuntzan eragitea da asmoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!