Isiltasunaren indarra gogoan izan dau Juliette Binochek Donostian

Bizkaie! 2022-09-19 08:03   Zinemea

Etxean lez sentiduten dala adierazo dau Donostia Saria hartzeko ekitaldian.

Juliette Binoche, Donostian (argazkia: Donostiako Zinemaldia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Donostiako 70. Zinemaldiak Juliette Binoche aktore frantsesari emon deutso lehenengo Donostia Saria, Kursaalean egindako ekitaldian. Eneko Sagardoy aktoreak aurkeztu dau galea eta Isabel Coixet zuzendariak emon deutso oroigarria. Claire Denisek zuzendutako Avec amour et acharnement filma ikusi ahal izan da ondoren.

Binocheren ibilbide oparoa azpimarratu dau Sagardoyk: talentu ikaragarria, pantaila gainditzen dauen karismea eta ausardia erakusten daben hautuak batzen dira bere filmografian. Coixetek, ostera, Binochegaz lan egitearen abantailak azaldu ditu: bere ondoan lan egiten dozunean, irudien, berben eta enkoadraketearen ganetik pasetan dan magia bitxi batek ikututa sentiduten zara.

Familiakoak, lagunak, hurrekoak, kolaboratzaileak eta lankideak gogoratu ditu Juliette Binochek saria hartzeko momentuan eta Zinemaldiari eskerrak emon deutsaz. Etxean lez sentiduten naz hemen, ohorea da hemen egotea, adierazo dau, hunkituta.

Ibilbide profesionalean bidelagun izan dauen isiltasunari be eskaini deutso Donostia Saria. Isiltasuna presentzia bat da. Sekuentzia bati heldu aurretik, interpretau aurretik, isiltasuna indarra da niretzat; hortik ateraten dodaz nik emozinoak eta sensazioak. Isiltasun barik, ez dago berbarik

Frantziako Arte Dramatikoko Konserbatorio Nazionalean trebatu zan Juliette Binoche (Paris, 1964), eta gazterik hasi zan pelikuletan agertzen, lehenengoa Liberty Belle, 1983koa. Jean-Luc Godard, Jacques Doillon, André Techiné, Leox Carax eta beste zuzendari ezagun askoren aginduetara ibili da gerora.

Europako zein Hollywoodeko aktore ospetsuen alboan ikusi izan dogu Binoche, izan be, frantsesezko zein ingelesezko filmak egiten ditu. Bigarren mailako aktorerik onenaren Oscar Saria irabazi eban 1996an, The English Patient pelikulan egindako lanagaitik. Venezian, Berlinen, Cesar Sarietan eta abar be irabazi izan dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu