Dana prest berba egiten hasteko

Bizkaie! 2022-09-16 10:36   Euskerea berbagai

Praktikatu euskerea geugaz.

AEKren Praktikatu zerbitzuaren 2022-2023 ikasturterako kanpainea martxan dago, Praktikatu euskerea geugaz goiburuari eutsiz. Holan, urriaren lehenego egunetan hasiko dira Euskal Herriko leku askotan, berbakide eta berbalagun taldeak, lagun giroan batu eta euskeraz aurrez aurre jarduteko. Online saioak, barriz, zemendian hasiko dira. Dagoeneko doban emon daiteke izena talde guztietarako, euskaltegietan, udal euskera zerbitzuetan zein Praktikaturen www.praktikatu.eus atarian.

Praktikatu hazten dagoan egitasmoak Euskal Herriko 76 herritan atontzen ditu berbapraktika saioak eta 300 ekintza baino gehiago egiten ditue urtean, tartean, berbodromoak. Ikasturte honetan kopuru horreek handitu egingo dira, lehendik egiten diranez gan, hiru proiektu barri jarriko diralako martxan: Zangozan (Nafarroa), Igorren (Bizkaia) eta Pasaian (Gipuzkoa). Hitanoa lantzeko Hiketalagun proiektuak, barriz, jarraipena izango dau Durangaldean (Bizkaia), Arriben (Nafarroa) eta Urola Kostan (Gipuzkoa); eta alkarri hika berba egiteko talde barrien sorrerea be sustatuko da, besteak beste, Usurbilen eta Lea-Artibain. Familientzako Gurasolagun taldeetan be segiduko dabe olgetak, ibiltaldiak eta tailerrak egiten, helduek eta umeek euskeraz batera ibilteko aukerea izan deien.

Aurtengo udagoienean, gainera, Euskaraldiaren hirugarren edizinoa noiz etorriko zain gagozanez, Praktikaturen proiektuek esangura berezia hartuko dabe, berbataldeak euskeraz biziteko aukerea emoten daben arigune naturalak baitira, hau da, uneoro euskeraz berba egiteko aukerea bermatzen daben guneak, izan be, ohiko taldeez gan, euskerearen transmisinoa sendotzeari begira, Praktikatu egitasmoak euskerazko hartu-emon sare barriak sustatzen ditu ekintza osogarrien bidez, besteak beste, astegoiemeko egonaldiak, barnetegi ibiltariak edota zaletasunen (naturea, kirola eta kulturea) araberako interes taldeak atonduta. Azpimarratzekoa da horreetan guztietan parte hartzen daben berbalagunen, berbakideen, bidelagunen ahalegina eta euskerearen transmisinoari egiten deutsen ekarpena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu