Domekan hasiko da 'Hitzetik Hortzera'-ren denporaldi barria
2022-09-16 08:02 BertsolaritzeaEider Perez izango da aurkezlea.
2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia hastear dan ezkero, Hitzetik Hortzera telebistako saioak be denporaldi barriari ekingo deutso, dagoeneko 33.a dau. Domekan, irailak 18, emongo dabe lehenengo saioa (15:00, ETB1). Ohiko moduan, Bertsozale Alkartearen eta EITBren arteko lankidetzeari esker helduko da saioa pantailetara.
Gasteizen aurkeztu dabe Hitzetik Hortzera-ren denporaldi barria. Han izan dira Gaizka Azkarate zuzendaria eta Eider Perez aurkezlea. Aurreko lau denporaldietan be Perez ibili da saioaren aurkezpena egiten eta alkarrizketa nagusiak gidatzen. Gidoilari barria dago aurten, Mirari Martiarena.
Abendura bitartean, Txapelketa Nagusiari begirakoa izango da programea, irailaren 18tik abenduaren 11ra, hain zuzen, finalaren kontura egingo diran saio berezi biez gan. Bertsoaldirik onenak, protagonistei alkarrizketak eta informazino gaurkotua emotea da asmoa, zaleek txapelketearen nondik norakoak ezagutu deiezen.
Zapatuetan jokatutako kanporaketetako bertsoaldirik nabarmenenak biharamunean bertan, domekako programan, emoteko ahalegin berezia egingo dau Hitzetik Hortzera-k oraingoan. Atal barrien artean, Eider Perezek eta Idoia Torregaraik bertsolariei egindako alkarrizketa umoretsuak dagoz.
Urtarrilaren 15etik apirilaren 9ra arte, behin txapelketea amaituta, bertsolaritzearen ikuspegi zabalagoa eskainiko dau saioak. Herririk herriko saioak, bertsolaritzeari lotutako gaiak, barriak... Danetarikoak jorratuko ditue.
Bertsozale Alkarteak eta Euskal Irrati Telebistak udan sinatu dabe akordio barria. Horri esker, EITBko saioak osotzeko bitartekoak adosteaz gan, beste hedabideek bertso saioetako irudiak erabilteko eta bertsolaritzea lantzeko baldintzak jaso ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!