Txomin Garmendia bertsolaria hil da

Bizkaie! 2022-09-16 08:06   Bertsolaritzea

Lau aldiz izan zan Txapelketa Nagusiko finalista.

Txomin Garmendia (argazkia: XDZ) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gipuzkoako Berrobi herrian jaio zan Txomin Garmendia, 1934an, eta atzo hil zan, Bertsozale Alkarteak zabaldu dauenez. XX. mendearen bigarren zatian, bertsolaritzeak gerra osteko iluntasunetik barriro argitara urten ebanean, Garmendia eta beste gazte batzuek hartu eben protagonismoa, aurreko belaunaldietako azken ordezkariakaz batera.

Bere kontura zaletu zan eta lagunek bultzatuta egin eban saltoa plazara, 1950eko hamarkadan. Lehiaketetan ibilbide dotorea osotu eban: lau aldiz heldu zan Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalera, 1965ean, 1967an, 1980an eta 1982an. Ganera, Gipuzkoako txapeldun izan zan 1967an.

1980ko hamarkadan istripua izan eben ezkeroztik, jentaurreko jardunetik aparte ibili zan Garmendia gehienbat, baina geldirik ez zan geratu. Besteak beste, liburuak idatzi zituan, bertsolaritzearen zein beste kontakizun batzuen ingurukoak. Tartean, Bordaberri nobelea.

Bertsolaritzatik kanpo, lanbide ugaritan ibilteaz gan, Berrobiko alkate izan zan Txomin Garmendia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu