'Hezkuntza Legeak hizkuntza-eredua zehaztu behar dau'
2022-09-15 08:57 Euskerea berbagaiHezkuntza-hitzarmenean euskereari buruz jasotako elementu indartsuak falta dira.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza-lege aurreproiektuaren zirriborroaren lehen azterketea egin dau Euskalgintzearen Kontseiluak eta horren gaineko irakurketa orokorra plazaratzea erabagi dau.
Helburua bai, bidea ez
Hezkuntza-hitzarmenaren eztabaidan egin zan legez, Kontseiluak positibotzat jo dau Legeak berariaz jasotea zein diran ikasleek eskuratu beharreko hizkuntza-gaitasunak derrigorrezko hezkuntza amaitzerako: Egokia da legeak hitzarmenean adostutakoari jarraitzea. Halan da be, kezkatu gaitu legea horretara mugatzea, hau da, horra heltzeko euskal hezkuntza-sistemeak ez dau zehazten zein hizkuntza-ereduri jarraituko deutson azaldu dau Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.
Lege-zirriborroak behin eta barriro azaltzen dau euskerea ardatz izango dauen sistema eleaniztuna bultzatzen dala, baina ez da zehazten sistema horren hizkuntza-eredua zein dan: Euskal hezkuntza-sistema eleaniztuna berresten dau lege-zirriborroak baina ez dau zehazten zelan interpretau behar dan sistema eleaniztuna izatea hizkuntza-ereduari jagokonez» esan dau. «Hasieratik eskatzen gabiz zehaztapen hori, hau da, hurrengo urteetako hezkuntza-sistemearen hizkuntza-eredua ezarri daitela, horrek zerikusi zuzena izango dauelako belaunaldi barri euskaldunak lortzeagaz gaineratu dau Bilbaok.
Hitzarmeneko elementuak berariaz jasoteko eskaerea
Eusko Legebiltzarrak martian onartu eban hezkuntza-hitzarmenagaz konparau ezkero, orduko bersinoak bere egin zituan barrikuntza interesgarriek ez dabe islarik izan aurkeztu barri dan lege-zirriborroan. Kontseiluak hitzarmenaren balorazinoa egin ebanean, pozik hartu eban hizkuntza ofizial bien eta atzerriko hizkuntza baten ezagutzea bermatuko dauen eredu inklusibo orokortua defendidutea. Kontseiluko idazkari nagusiaren eretxiz: Zoritxarrez, eredu inklusibo orokortua ez da modu esplizituan jasoten legean. Esparru eleaniztuna baino ez dau eta modu horretan lausoegia geratzen da, gure ustez, hizkuntzearen arloa. Adierazo genduan hitzarmenak garapen ezberdinak izan leikezala, baina hizkuntzearen eremuan ez ditu elementu indartsuenak jaso.
Horregaz batera, badira hitzarmenak jaso eta Legeak be bere egin beharko leukezan bestelako elementuak, esaterako, euskerea lehenetsi egingo dala hezkuntza-sistemearen barruan, hezkuntza jarduerak zein hartu-emon profesionaletan, edota euskerea erreferentzia hizkuntza lez indartzea, hizkuntza-gaitasunaz harago euskal kulturaz jaubetu beharra... Kontua da ze hezkuntza-hitzarmenaren balorazinoa egin zanean sortutako kezka batzuek bere horretan jarraitzen dabela lege-zirriborroan: Barriro jasoten da hiru hizkuntzek ikaskuntzak bideratuko dituela, eraginkortasuna areagotzeko: Gure ustez, beharrezkoa da zehaztea
hizkuntza-proiektuak zein hizkuntza-ereduren gainean eregiko diran. Euskalgintzeak, gehiengo sindikalak eta hezkuntza komunidadearen gehiengoak adostuta dauka zein izan beharko litzatekeen eredu hori, hain zuzen be, euskerea ikas eta irakas-hizkuntzea izango dauen ikasteredu orokortu inklusiboa adierazo dau, «datuek erakusten baitabe euskerea irakashizkuntzea dauen eredua dala ikasleek hizkuntza-gaitasun egokiak eskuratzeko arrakastatsuena».
Ekarpen integrala
Euskalgintzearen Kontseilua, euskerearen aldeko gizarte eragileen garrantzitsuenak batzen dituan erakundea, hezkuntza-legeari begirako ekarpen integrala jorratzen dabil eta ekarpenean hainbat esparru zelan jaso beharko litzatekezan proponiduko dau: Hezkuntza-sistemearen helburuak; Ikasleen eskubideak; Curriculuma; Hizkuntza-eredua (printzipioak, langileen hizkuntza-gaitasuna, irakasleen prestakuntzea); Ikastetxeetako hizkuntza-proiektua; Ebaluazinoa; Ikastetxeetako hizkuntza-jarduna; Euskerearen herriko beste lurraldeakazko lankidetzea... Etorkizuneko hezkuntzea ardaztuko dauen legeak integrala izan behar dau eta, gitxienez, esparru horreek guztiak arautu behar ditualakoan gagoz. Holan, Kontseiluak proposamen hori Euskeraz Hazi Bardintasunean Hezi dinamikeagaz bat egin eben eragileakaz konpartidu eta adostasunak eregiko ditu alkarregaz eragiteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!