Canfranc erdigune, Moleta mendi bertikala, Iserias lakua eta ur-jauzia, Izas bailaran

Amaia Larruzea 2022-09-15 07:56   Ibilian-ibilian

Dana da gora eta gora, igotea maite dogunontzat ederra.

Gaur-gaurkoz, gero eta jente gehiago hurreratzen da Pirinioetara uda sasoian, nahiz eta neguak jente gehiago erakarri. Pandemiak be eragina izan dau horretan eta asko dira oporrak naturatik, mendietatik eta zelaietatik hur pasau nahiago dabenak. Masifikazinoa ekiditea askotan gatxa izan arren, errazagoa da Pirinioetan Sitges kostaldeko herrian baino, esaterako. Hori holan dala esango neuke eta, beraz, aukerak nongura eta zebatgura egon badagozala.

Tenako bailarara joaten da jente gehien, eta Jacatik Villanua eta Canfranc alderantz asko egiten dan arren, oraindino be jente gitxiago ibilten da inguru honeetatik. Oraingoan, Canfranceko mendirik ezagun eta gogorrenetako batera igongo dogu. Zailtasun mailea desnibelak dakar gehienbat, ez horrenbeste terreno eskuragarria ez izateak. Beraz, nondik abiatzen dan edo ibilbidea zenbat laburtzen dogun, maila guztietara egokitu daiteke: gehiago dabizanentzat Moleta mendia eta ingurukoak sartuz, eta gitxiago dabizanentzat edo txikientzat, Iseriasko lakua eta ur-jauziko ibilbidea sartuz bakarrik. Beharren eta nahien arabera moldatzea, horixe kakoa.

Canfranc estazinora heldu eta bertan gaua pasau, hotel, ostatu, apartamentu edo furgonetan. Goizean, estazinotik bertatik eskumarantz joko dogu eta Moletarantz doan bidea hartu, zein eta zentral elektrikora doana, hain zuzen. Carreton de Ip izenez ezaguna dogu bide hau eta menditik jaisten dan hodiaren ondotik pasauko gara, zeinak zentralari bidea emoten deutsan. Track-a eroatea komenidu da buelta osoa egin nahi izan ezkero; bestela, bertakoei edo bidean galdetzea be ederra izaten da, baina hobe track-a izan eta nahi badozue galdetu kar, kar, beti zeozer interesgarriak urten leike eta.

Bertikal betea dogu igoerea, guztiz bertikala ia, peninsulan kilometro hain gitxitan bertikaltasun gehien hartzen dauen zonaldea dalako seguruenik. Canfranc ultratrailaren bidea markatua dago eta handik segiduko dogu aurrera. Desnibel gehien dauen lasterketea da eta horren zati handi bat Moleta mendiaren igoeran dago. Bidegurutzeren bat egon daitekeen arren, ondo seinalizauta dago.

Lehenengo kilometroak basoaren barrenean emongo doguz, eta konturatu orduko, bizkor batean sentiduko dogu garaierea hartu dogula. Dana da bertikala, metro lau gitxi dagoz, dana da gora eta gora, igotea maite dogunontzat ederra. Zig-zag artean aurrera eginda, behin basoa atzean itxita, hatx artera pasauko gara eta transizino puntu horretan panoramika ederra eskaintzen dauen zonalde batetik pasauko gara. Egurrezko seinaleek erakutsiko deuskue bide onetik goazela eta Moletako tontorretik gero eta hurrago gagozala. Segidu daigun, bada, goraka.

Behin Moleta ikusten hasten garenetik heldu arte, ostera, ez fidatu eta eutsi kontzentrazinoari, azken kilometroen bertikaltasunak eta harri jaiak hur egon dan hori urruntzea dakarrelako. Konturatu orduko, dana dala, hankek lan ederra egin, hauspoa beteta sentidu eta Moletara helduko gara. 2.572 metroko mendia, Pirinioetako bertikalena. Bada aukerea igon garen leku beretik jaisteko, baina guk bestelako bidea egingo dogu, eta zeharo gomendatzen deutsuedana, izan be, orain dala urte batzuk Iserias lakuan eta Cascada de las Negrasen ibilitakoa nintzanez, eta gomuta ona nebanez, oraingoan Moletagaz batzea izan da asmoa.

Bestalde, beste gomendio bat egin nahiko neutzueke: Moleta menditik Ip palarantz abiatu eta Tronquera gailurretara joan. Zoragarriak dira eta Collaradaren aurrez aurre dagoz. Handik, Ip lakuaren ikuspegi parebakoa dago, baita Moleta mendiaren beraren eta Izas bailara guztiarena be. Tronqueraz gozau, atzera Moletara bueltau eta Iserias lakura jatsiz, zirkular ederra gauzatuko dogu.

Izas bailaran bete-betean murgildu eta Iserias lakura jaistean, lagun baten lagun batzukaz topo egin neban kasualidadez. Azken edur tarteetan eta lakurantz eginda, Cascada de las Negrasera joko dogu, hau da, oso maite eta gogoko dodan ur-jauzi ikusgarrirantz. Behin bertako txipristinek bero puntua arinduta, Canfrancera bueltauko gara Coll de Ladronesera doan bidetik abiatuta. Handik, Canfrancera jatsi eta ederra sensazinoa izango doguna eta izan doguna: ibilbide oparoa, kilometroak ederrak, desnibela sekulakoa kilometro horreetan, bai positiboa, baita negatiboa be, eta parajeak itzelak. Ames egiten jarraitzera!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu