Badator Biribilko

Bizkaie! 2022-09-14 13:33   Euskerea berbagai

Ostalaritzako eta merkataritzako profesionalei zuzendutako euskera ikastaroen programea da.

Aurreko edizinoetan, Biribilko merkatarientzako zan, baina, aurten, lehenengo bider, ostalaritzako profesionalentzako be izango da. Programearen helburua da urian euskerearen erabilerea sustatzea eta euskerearen normalizazinoan eragitea, horretarako, merkatariei eta ostalariei euskerea ikasteko eta bezeroakaz, hornitzaileakaz eta lankideakaz izaten dituen hartu-emon profesionaletan euskerea erabilteko baliabideak eskaintzea.

Biribilko ikastaroak Bilboko Udalak eta HABEk laguntzen ditue diruz eta 90 euro da hareen kostua; 90 ordukoak dira eta formazino-maila bi eskaintzen ditue:

Euskera komertzialeko oinarrizko ikastaroa: Bilboko merkatarientzako eta Bilboko merkataritzan eta ostalaritzan enplegautako personentzako, euskeraz ez dakitenentzako edo oso gitxi dakitenentzako. Helburua da ahozko oinarrizko komunikazinoa lantzea.

Euskera komertziala hobetzeko ikastaroa: Bilboko merkatarientzako eta Bilboko merkataritzan eta ostalaritzan enplegautako personentzako, euskeraz zeozertxu dakitenentzako. Aukera honetan, helburua da merkataritzearen arloan erabilten dan euskerea hobetzea, ahozkoa nahiz idatzizkoa.

Eskolak astean egun bitan emongo dira: astelehenetan eta eguaztenetan edo martitzenetan eta eguenetan, 2022ko urritik 2023ko bagilera. Edizio honen beste barritasun bat ordutegien inguruan da, izan be, aurten, goizeko ohiko ordutegiaz gan, arratsaldekoa be eskainiko baita.

Interesdunek urriaren 7ra arte dabe epea izena emoteko, Biribilko webgunean edota Bilboko euskaltegietan bertan, edo 688 739 015 telefonora deituz. Biribilko programea honako euskaltegi honeetan eskainiko da:

Bilbo Zaharra, Posta Kalea, 8. (94 4158292).

Gabriel Aresti, Done Bikendi Kalea, 2- 4. pisua (94 4237591).

Indautxu AEK, Urkixo Zumarkalea, 88 (94 4413474).

Juan Mateo Zabala, Gordoniz Kalea, 22 (94 4221388).

Matxintxu AEK, Ramón y Cajal Etorbidea, 8 (94 4752233).

Lizardi AEK, Txakur Kalea, 1 (94 4168200).

Santutxuko AEK, Arbidea Kalea, 21 (94 4117656).

Ulibarri Euskaltegia, Gardoki kalea, 3 - 1. (94 4162427).

Euskera-eskoletara joan ezkero, ziurtagiri bat emongo jako bakotxari, Biribilko 2021-2022 ikastaroan parte hartu izana ziurtatzen duaena (betibe, eskolen % 75era joan izana bermatu behar da). Horrezaz gan, holan nahi badabe, doban eskuratu ahal izango ditue merkataritzako eta ostalaritzako gaztelania-euskera hiztegiak.

Era berean, dobako itzulpen zerbitzua erabili ahal izango dabe (gaztelaniatik euskerara), jentaurreko merkataritza eta ostalaritza-testuak itzultzeko (kartelak), saltokietan erabili behar diranerako.

Udalak alkarlanean jorratzen dau programa hau, euskerearen erabilerea sustatzeko udal programa hau bilbaoDendak alkarteagaz eta uriko alde batzuetako eta besteetako merkatarien alkarteakaz, HABEgaz eta euskaltegi homologatuakaz alkarlanean eta, oraingo aldi honetan, baita Bizkaiko Ostalarien Alkarteagaz be.

Biribilko programea 2009an jaio zan eta, ordutik, 1.900 persona baino gehiago matrikulau izan dira, Bilboko merkataritzearen arlokoak. 2020an, Euskerearen Nazinoarteko Eguna dala eta, Bilboko Udalak Biribilko programan parte hartzen daben komertzioak omendu zituan, Bilboko kaleetan euskerearen normalizazinoaren alde egindako lanagaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu