'Euskara musu-truk', euskaltegietan izena emoteko deia

Bizkaie! 2022-09-14 12:50   Euskerea berbagai

Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoei esker, euskerea ikastea doban da B2 mailara arte.

Ikasturte barriko matrikulazinoari ekiteko agerraldia egin dabe Donostian HABEko, erakunde publikoetako eta euskaltegi ugaritako ordezkariek. Herritarrak euskerea ikasten animau daitezan, kanpainea ipini dabe martxan, Euskara musu-truk lemapean.

Aurkezpenean izan dira Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria; Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran; ekitaldiaren egoitzea izan dan Ilazki euskaltegiko zuzendari Agurtzane Goñi; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundietako ordezkariak; Bilbo, Donostia eta Gasteizko udaletakoak; eta EUDELekoak, UEMAkoak eta euskaltegietakoak.

Kanpainearen leloak dinoan lez, EAEn euskerea ikastea sekula baino eskuragarriagoa da herritar guztientzat, alderdi ekonomikoan behinik behin. Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoei esker, B2 mailara arte doban da euskerea ikastea. C1 mailan, 30 urtetik beherakoei matrikulearen dirua bueltetan deutse gainditu ezkero.

Inbersinoa dakar dobakotasunak, eta sekula baino diru gehiago bideratuko dau 2022-23 ikasturtean Jaurlaritzeak, 3,7 miloe euro.

Euskaltegi pribaduetako lan baldintzak hobetzeko ahalegina be egingo dau Jaurlaritzeak, Zupiria sailburuak aurreratu dauenez. Hurrengo hiru ikasturteetan 90 miloe euro inguru erabiliko dira, udal euskaltegietako beharginen baldintzen parekoak izan deiezen pribaduetakoek. Mila irakasle inguru izango dira onuradunak.

Osterantzean, 2022-23an normaltasuna berreskuratzea izango da euskaltegien helburua, aurreko ikasturte biak Covidak baldintzatutakoak izan dira eta. Ikasturte honetan normaltasuna egongo da ikasgeletan, ez da ezelako osasun neurri berezirik hartuko. Horri esker, euskaltegietan jente gehiagok izena emotea espero dabe, pandemiaren eraginezko beheraldia atzean ixteko.

Euskal Autonomia Erkidegoan 39 udal euskaltegi eta 64 euskaltegi pribadu dagoz. 2021-22 ikasturtean 33.185 ikasle izan zituen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu