'Bar Gloria' da Nerea Ibarzabalen lehenengo nobelea

Bizkaie! 2022-09-14 09:43   Kulturea

Taberna bateko hormak dira personajeen jokabide eta arduren lekuko.

Leire Lopez Ziluaga eta Nerea Ibarzabal (argazkia: Susa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bertsolari ezaguna da Nerea Ibarzabal Salegi (Markina-Xemein, 1994), Bizkaiko txapelduna, plaza ugaritan dabilena eta udagoienean Txapelketa Nagusian kantauko dauena. Idazten be ibilten da, literaturan zein kazetaritzan, eta Susa argitaletxearen eskutik plazaratu dau lehenengo nobelea, Bar Gloria.

Baserritik urira joandako familia baten tabernea da Gloria, eta kontakizunaren ezinbesteko markoa, herriko beste leku batzuk be agiri diran arren. Hango hormetako azulejo gorriak dira personaje guztien pentsamendu, ardura eta jarreren lekuko, eta tabernea da sasoi eta egoera askoren arteko lotunea.

Susako editore Leire Lopez Ziluagak liburuaren aurkezpenean azaldu dauenez, eszenaz eszena eregitako nobelea da Bar Gloria, gehiegi kontau barik, irakurleak bere kontura atera deizan ondorioak. Personaje eta egoera ugari agiri dira, baina hiru dira protagonista nagusiak, Ana, Rakel eta Migel; eta jazoera batek jarten dau istorioa martxan, bortxaketa batek.

Bar Glorian sartu-urtenean dabizanei segika, gai ugari jorratu ditu Ibarzabalek. Baserritik urira joanda, lur barrira egokitzen dabizanen ahalegina da tabernearen jaubeena, lanak eta eginbeharrek atrapauta bizi diranei be begiratu deutse idazleak eta gizonek menperatutako espazioak erakusteko be erabili dau kontakizuna, horrek dakarzan tensino zein errebeldia eta guzti.

Sinboloak be ez dira falta nobelan: hesi edo babesleku izan leiteken mostradorea, baserriaren eta kalearen arteko alkargune dan tabernea, idiak... Personajeen arteko komunikazinoa be sakon landu dau Ibarzabalek, alkarri esaten deutsezen gauzak eta kolkoan gordeten dituenak.

Urte bi inguruko prozesuaren ondorioa da Bar Gloria. Eszenak zerrendatzen, personajeen nortasuna zehazten eta horri egiturea emoten ibili da Ibarzabal bitarte honetan, idea lausoa zana gorpuzten. Lehenago be literaturan ibili izan da, batez be Txakur Gorria kolektiboaren barruan, eta orain beste genero bat probau dau, nobelea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu