XIII. Ja, irailaren 29tik urriaren 11ra
2022-09-14 08:13 KultureaJavier Jaének lehenengo atzerabegirako erakusketea egingo dau: Primer asalto.
Jaialdiko zuzendariek, Juan Basek eta Carolina Ontiverok, atontze lanetan dana emon dabela eta edizino honek herritarren interesa piztu eta ahalik eta gehien gozarazotea dala asmoa jakinarazo dabe. Jaialdia irailaren 29tik urriaren 11ra egingo da eta egitarauak, hain zuzen, 13 ekitaldi batzen ditu. Badaezpada be, kontuan hartu dugu Raquel Sastre umoristeak Naukas Bilbaon Zientzia, eszeptismoa eta umorea jaialdiagaz kolaborazinoan emongo dauen saioa eta, holan, 14 ekitaldi zenbatu.
Superstizioa izango da ardatz hilaren 16an, Euskalduna Jauregian. Aurten be, BBK Salako agertokiari aurrea hartuko deutso. Irailaren 29an, Aloma Rodríguezek Caitlin Moran alkarrizketatuko du. Idazle britainiar ospetsu honek literaturea, feminismo ortodoxoa eta zuzentasun politikoa hankaz gora jarri zituan Cómo ser mujer eleberriagaz. Nazioarteko fenomeno literarioa izan zan. Más que una mujer da bere azkeneko eleberria. Helduaroan idatzi dau eta bere best seller-aren jarraipentzat jo da. Gai ugari jorratzen ditu, horreen artean denporearen joanak eragindako kalteak, haren alabea nerabearen elikadura-nahasmendua, betiko bikoteagaz sexu-hartu-emonak eta zelan egin berrogei urte bete eta bizirik urtetako.
Biharamunean (hilak 30, martitzena), Itziar Lazkano eta Ramón Barea, Cómicos de la Legua lehen euskal antzerki-talde independentearen sortzaileak, izango dira protagonista. Urriko lehen egunean egingo da Ja! 2022ko lehen programa bikotxa. Javier Cansadok eta Carlos García Gualek ekingo deutse. Bikote ezohikoa da, baina egonkorra, eta epikurotarrak, sinposioak eta armonian biziten jakitea izango ditue berbagai. Segurutik, epikurotarren printzipioa azalduko deuskue: Jakituriak bizipoza lortzeko erabilten dituan bitarteko guztietatik laguntasuna da altxorrik handiena.
Ondoren, Jimina Sabadúk, Alberto Olmosek eta Mercedes Cebriánek narrasa eta txepela izatea zer dan eta bien arteko kontrakotasun eta antzekotasunak aztertuko ditue. Hitzorduan, anbar koloreko Duralex katiluetan ataratako tea eta ‘Sonrisas y lágrimas’ filmeko abestiak nagusituko dira.
Egitarauaren lehen zatia domekan (urriak 2) amaituko da. Saio bikotxa izango da: batetik, Kax, kax, kax! euskal ikuskizuna, Katixa Agirrek eta Maite Larburuk kantu eta ipuin, letra eta abesti errezitaldia eskainiko deuskue. Ekitaldia amaitu aurretik, Diego San José eta Jorge Guerricaechevarría eszenaratuko dira. Komedia-gidoirik onena idazteko amarruak, aholkuak, esperientziak eta zalantzak argituko ditue, izan be, film luzeak idazteko abilezia erakutsi dabe daborduko; horreen adibide dira El día de la bestia, Muertos de risa, Ocho apellidos vascos eta Fe de etarras.
Egitarauaren bigarren zatia
Urriaren 7an (barikuan) hasiko da egitarauaren bigarren zatia. Umorera eta literaturara joko dabe jantzia eta herrikoia bat egiten saiatzeko. Arratsalde horretan, Ja! jaialdia Bizkaia Aretoaren Mitxelena Entzunaretora lekualdatuko da. Gatomaquia, Lope de Vegaren poema burleskoaren izenburupean, Gonzalo Tornék eta Laura Fernándezek berbagai izango ditue egile askok fikzinoko personaia bihurtutako katuak, literaturan zein beste arteetan eta zelan katu gaixoek egile horrexen bizikide izatea sufridu behar izan daben. Ondoren, Manuel Vilas idazleak José María Merino egile ospetsua (batez be ipuinena) eta Hizkuntzearen Errege Akademiako kidea alkarrizketatuko dau.
Urriaren 8an (zapatuan), Imanol Ituiñok Zur eta lur ikuskizuna estreinauko du, magiaz beteko dau eszenatokia. Aurrerago, Rodrigo Cortés eta Jonathan Coe izango dira protagonista: Lehenak laster argitaratuko dau Verbolario izeneko hiztegi satiriko, umoristiko eta poetikoa. Horri buruz egingo dau berba Jesús García Calero kazetariagaz. Coek oraintsu argitaratu da El señor Wilder y yo; idazleak sinisgarritasun handia emon deutso nobelako protagonistea dan Billly Wilder-i eta bere hiru zaletasunak bat egin ditu: literaturea, zinemea eta musikea. Horri guztiari buruz egingo dau berba, ingelesez, Rodrigo Fresán idazleagaz.
Aurten be ez da jaialdiko atal finkoa faltauko. Gonbidatu batek bere umorezko hamar sekuentziarik gustukoenak aukeratu eta Juan Basekin horreek jorratuko ditu, pantailan ikusten diran bitartean.
Urriaren 9an (domekan), bizi dan artean zinemazalea izango dan Rosa Belmonteren txandea izango da.
Oraingoan, egitaraua ez da domekan amaituko, astelehenean baino. Txani Rodríguez eta Eduardo Halfon izango dira ekitaldiko protagonista eta euren literatura-estiloak eta umorearen aurrean dituen ikuspegiak aztertuko ditue.
Javier Jaének lehenengo atzerabegirako erakusketea
Urriaren 12tik zemendiaren 4ra, Javier Jaén berak gainbegiratutako lehenengo atzerabegirako erakusketea egingo da, Primer asalto izenburupean (sartzea doban da, ez da gonbidapenik behar). Era bertean, urriaren 1etik 31ra, Bilboko Metroko hiru geltokietan (Abando, Moyua, Alde Zaharra) egilearen neurri handiko hamar irudi ikusiko dira. The New York Times, The New Yorker, The Washington Post, La Vanguardia, El País, Random House Mondadori, Planeta, Vueling Airlines, Unesco eta Greenpeace taldeentzat lan egin dauen ilustratzaile eta diseinatzaile grafikoaren lana ezagutzeko aukera bikotza dago.
Umorezko Literaturearen eta Artearen Jaialdiko jarduera guztiak doban dira. Irailaren 24tik aurrera deskargau ahal izango dira webetik BBK Salan eta Mitxelena Entzunaretoan sartzeko gonbidapenak (www.jafestival.com).
Ja! jaialdiaren 13. edizioak logotipo eta web berriak ditu. Jaialdiko protagonistak eta ekitaldiak podcast eta bideoetan ikus daitezke, eta, izan ere, 2010ean sortu zenetik egindako ibilbidea erakutsi nahi zen.
Edizio hau Fernando Marías gure lagun maiteari eskaini nahi diogu. Idazlea, jaialdiko ohiko kolaboratzailea eta epikurotarra zen. Zorte txarrak harrapatu zuen ordea, eta otsailaren 5ean hi zen.
(*) Jarduera guztiak doban eta lekua badago, era ordenatuan sartzen itxiko da. Gonbidapenak jaialdiko webean deskargau ahal izango dira (www.jafestival.com), irailaren 24tik aurrera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!