Irailaren 15etik 18ra egingo dabe IX. Atlantikaldia Errenterian
2022-09-13 08:23 KultureaBetiko formatua berreskuratuta, bertoko eta kanpoko kulturak buztartuko ditue egitarauan.
Aurreko urte bietako formatu berezia alboratu eta pandemiaren aurreko egiturea berreskuratuta dator IX. Atlantikaldia, Errenteriako kultur topagune eta musika jaialdia. Irailaren 15etik 18ra, herriko lau gune nagusitan banatutako egitarau zabalaz gozau ahal izango dau publikoak. Euskal kulturea eta beste herrialde batzuetakoak sormenaren eta musikearen sokeak lotuko ditu lau egunez.
Itsas kodeak lemapean egingo dabe aurtengo ekitaldia. Donostian egindako aurkezpenean, Errenteriako alkate Aizpea Otaegik azaldu dau kontzeptu horrek Atlantikaldiagaz dauen loturea: herrien arteko ulermenerako erabili izan diran lengoaia unibersalak dira itsas kodeak. Kontzeptu hau gurera ekarri dogu kulturen arteko alkarbizitzea ahalbidetu eta sustatzeko egiten dogun apustuaren adierazgarri.
Jaialdiaren lau guneetako bakotxak nortasun berezitua izango dau. Lehendakari Agirre plazakoa, Itsasargi nagusia, izango da handiena. Panier eremuko Kalekaia artista urbanoen topaleku izango da eta Herriko plazea formatu txikiagoko saio intimoena. Azkenik, Foru plazan ipiniko dabe Herrixka, eta han tailerrak, gastronomia eta musikea batuko dira.
Egitarauan bertoko eta kanpoko artista ezagunak topauko doguz. Azkenaldion zeresan handia emon daben Tanxugueiras hirukote galiziarrak osterea egingo dau Errenteriara, eta Neomak taldeagaz batera atonduko dabe ikuskizuna.
Hemengo eta kanpoko artistak buztartuko dituen beste emonaldi batzuk honeek izango dira: Las Karamba taldearen erritmo latinoak eta Amaia Elizaran jantzaria; Les Amazones d'Afrique afrikarrak eta Tony Viser jantzaria; España Circo Este italiarrak eta Moonshine Wagon laukote euskal herritarra.
Bertsolaritzan be kulturartekotasuna landuko dabe, Nongoa zara? saio musikadunaren bidez. Andoni Egaña, Alaia Martin, Aitor Sarriegi eta Maddi Ane Txoperena izango dira kantuan, Gari Otamendiren doinuek eta Unai Gaztelumendiren marrazkiek lagunduta.
Bestetik, Errenteriako eta Kataluniako ikasleek egindako trukearen ondorioz jaiotako Kataluniar konexioa: rumba eta beste ikuskizun barria dakar Atlantikaldiak, baita mundu osoko gastronomia ezagtzeko tailerrak be. Irakurri egitarau osoa hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!