Bilboko euskaltegietan izena emoteko deia

Bizkaie! 2022-09-12 13:49   Euskerea berbagai

Euskerea ikasten dauenak irabazi egingo dauela dino kanpaineak.

Udaleko eta euskaltegietako ordezkariak kanpainearen barri emoteko ekitaldian (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udalak eta uriko euskaltegiek kanpainea hasi dabe, 2022-23 ikasturteari ekiteaz bat, jenteak euskerea ikasteko izena emon deian. Euskereagaz irabazi egingo dozu lemapean, kanpainearen bidez uritarrei gogoratu arazo nahi deutsiez euskerea ikastearen abantailak eta onurak.

Kanpainea aurkezteko ekitaldian izan da Koldo Narbaiza, Udaleko Euskera zinegotzia. Haregaz batera, uriko euskaltegietako ordezkariak. Bilbon 17 euskaltegi dagoz eta igaz 8.300 bat ikasle izan zituen.

Euskerea eguneroko bizitzan eta alor guztietan, izan maila pertsonalean, familian zein lanean, ikastearen eta erabiltearen abantailak azpimarratu gura ditu kanpaineak, azaldu dau Koldo Narbaizak. Bilboko kaleetan euskerea gero eta ohikoagoa izatea da helburua. Bilbotarrek euskerea ikastea eta jakitea gura dogu, eguneroko bizitzan normaltasunez erabili deien. Halan, Bilbo gero eta euskaldunago bat lortuko dogu, dino zinegotziak.

Irailean egongo da kanpainea martxan. Markesinetan, Bilbobus sareko autobusetan, Udalaren sare sozialetan eta komunikabideetan zabalduko ditue kartela eta leloa. Barrutietako udaltegietan, kiroldegietan eta ikastetxeetan be kartelak ipiniko ditue.

Kanpaina barriaren kontura, datu batzuk be emon ditue, Bilboko euskaltegietara dabizanen ezaugarriez. Emakumeak gizonak baino gehiago dira ikasleen artean, eta 16 eta 45 urte bitartekoak dira gehienak. Goi mailako ikasketak dituenak dira nagusi. Euskaltegiei jagokenez, gogora ekarri dabe ikasgelako kurso arruntak ez dirala aukera bakarra, ze barnetegiak, enpresentzako ikastaro bereziak eta abar be eskaintzen dira.

Bilbon erroldatuta dagozan guraso, denpora libreko begirale eta errenta txikiko bizilagunek euskerea ikasteko diru-laguntzinoa eskatu leikie Udalean. Igaz, era horretako 422 laguntzino emon zituen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu