UPV/EHUn graduko ia 35.000 ikaslek hasiko dabe egunotan ikasturte barria
2022-09-12 10:06 KultureaHasierea emoteko ekitaldia irailaren 14an egingo da, Bizkaia Aretoan.
2022-2023 ikasturteari jagokonez, bederatzi fakultade edo eskolatan aurkezpenak eta eskolak hasi dira; ganerakoetan asteon ekingo deutse. Ia 35.000 personak graduko ikasketak egingo ditue aurten UPV/EHUn. Hilaren 14an, eguaztenean, Bizkaia Aretoan, ikasturtea hasteko ekitaldia egingo da, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Eva Ferreira errektorea buru dirala.
Graduko matrikulea zarratzeko azken epearen faltan, orain arte 8.316 ikasle barri matrikulau dira Euskal Herriko Unibersidadean, % 75,73 ikasle barrik lortu dabe plazea lehen aukerako graduan, eta beste % 14,08 bigarren aukerakoan.
Ikasle berrien % 57 emakumeak dira, eta % 43, gizonak. Hizkuntzeari jagokonez, % 53,5ek graduko ikasketak euskerako taldeetan egingo ditue eta % 46,5ek gaztelaniaz ikasiko dabe. Eta campusei erreparauta, % 53,3 Bizkaiko Campusean matrikulau dira; % 25,7, Gipuzkoakoan; eta, % 21, Arabakoan.
Azken datuen arabera, Fisika + Injinerutza Elektronikoa Gradu Bikotxak izan dau aurten be sartzeko notarik altuena: 13,200. Ondoren dagoz: Biokimika eta Biologia Molekularra (12,956); Medikuntza gaztelaniaz (12,904); Double Bachelor's degree in Business and Economics (12,845); Medikuntza euskeraz (12,698); Bioteknologia (12,554); Ikus-Entzunezko Komunikazinoa + Kazetaritza Gradu Bikotxa (12,496); Odontologia (12,482); Zientzia Politikoa eta Kudeaketa Publikoa + Soziologia Gradu Bikotxa (12,454); Fisika (12,361); Injinerutza Mekanikoa + Industria Elektronikearen eta Automatikearen Injinerutza Gradu Bikoitza (12,132), eta Erizaintza (Leioa) (12,101).
Ikasturte barri honi aurre egiteko, eskaintza sendoa dogu. Eskaintza hori etenbarik eguneratzen da, behar barriak kontuan hartuta eta nazinoartekotzearen alde egiten dau, baita erakunde, enpresa eta alkarteen arteko hartu-emonen alde, prestakuntza dualaren eta kanpoko praktiken bidez. Gure unibersidade-ereduak teknologia, gizarte eta kultura-aldaketetara egokitzeko kapaz diran personak sortzen ditu, gaur egun behar bezela lan egiten dakien personak, etorkizuneko lanpostuetarako prestatzen eta, batez be, euren sasoiko garaiko gakoak deszifretaklo eta kontzientzia kritikoa garatzeko kapaz diranak, adierazo dau Eva Ferreira Euskal Herriko Unibersidadeko errektoreak ikasturte barriaren hasieran.
105 gradu
Danetara, 35.000 ikasle inguruk 2022-2023 ikasturtean Euskal Herriko Unibersidadeak eskaintzen dituan 105 graduetako bat egingo dabe. Horreetako hamalau gradu bikotxak dira, aurten barri bi emoten hasi baitira (Injinerutza Zibila + Arkitektura Teknikoa, Gipuzkoako Injineutza Eskolan eta Injinerutza Mekanikoa + Industria Elektronikearen eta Automatikearen Injinerutzea, Gasteizko Injinerutza Eskolan). Gradu bikotxek oso harrera ona izan dabe, izan be, horreetako zazpi gitxieneko-nota altuena daben 20 graduen artean dagoz.
Graduondokoak
UPV/EHUk aurtengo ikasturtean 108 unibersidade master eskaintzen ditu; horreetako zortzi Erasmus Mundus master bateratuak dira, hau da, Europako Batzordeak deialdi oso lehiakor batean hautatutako programei emondako bikaintasun zigilua dabe; hiru master prestakuntza dualean eskaintzen dira eta lauk Euskal Unibersidade Sistemaren Kalitate Agentziaren nazioarteko aipamena dute.
Bestalde, UPV/EHUk ikasturte honetan berezko 65 master eta graduondoko ditu, eta berriak dira edo berritu egin dira horietariko 12: besteak beste, Arte eta Kultura Garaikidearen Teoria eta Praktikak, Jasangarritasunerako Aldaketearen Lidergoa eta Kudeaketea, Neuropsikologia Klinikoa eta Hidrogenoaren Teknologiak.
Unibersidade masterren kasuan, matrikulea egiteko epea zabalik egongo da irailaren amaierara arte. Berezko master eta graduondokoetan matrikulea kurso bakotxa hasten dan dataren araberakoa da.
Azkenik, 2022-2023 ikasturterako doktoregoen eskaintza zabala 66 programakoa da eta jakintza adar guztiak batzen ditu. Izena emoteko epea joan zan eguaztenean, irailaren 7an, edegi eben eta zabalik egongo da irailaren 30era arte.
Irakasleak-ikertzaileak eta AZPko langileak
Euskal Herriko Unibersidadeak ikasturte honetan 5.493 persona ditu guztira irakasle-ikertzaileen kolektiboan (IRI) eta 1.911 persona, administrazino eta zerbitzuetako langileenean (AZPko langileak).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!