Euskaltegien ikastaroetan matrikulazinoa egiteko epea zabalik irailean

Bizkaie! 2022-09-09 09:55   Euskerea berbagai

Jakin badakizu.

Urtero legez, irailean matrikulea egin ahal izango dabe udalerriko euskaltegietan euskerea ikasi eta hobetu nahi daben herritarrek. Getxoko Udalak, herriko euskaltegiek eta Egizu alkarteak atondu ditue ikastaroak.

Getxoko euskaltegietan hobetzen lagunduko deutsugu! goiburupeko difusino kanpainan aurtengo eskaintzearen barri zabaltzen da, euskaltegiek edade guztientzako ikastaroen eskaintza handia atondu baitabe, hainbat modalidaderen bidez: Udalerriko euskaltegien ikastaroen mueta eskaintza handia ahalbideratuko dau 2022/2023ko ikasturtean ikasle guztiek behar daben mailea egin ahal izateko, nabarmendu dau Irantzu Uriarte, Euskera zinegotziak.

Holan, 16 urtetik gorakoek aukera handia izango dabe udal, Lauaxeta AEK eta Jose Antonio Agirre ta Lekube euskaltegietan, maila guztietako ohiko ikastaroakaz batera, honako honeek be izango dira: Modulu txikiak, tituluak atarateko prestakuntzea baita zapatuetan be, autoikaskuntzea eta berba egiten ikasteko klaseak.

5 eta 15 urte bitartekoentzat Algortako Inguma Umeen Euskaltegiak eta Areetako Uztarri Umeen Euskaltegiak eskaintzen ditue ikastaroak euskerea ikasteko eta hobetzeko.

Aurrekoetan legez, dendarientzako eta ostalarientzako ikastaroak be izango dira, baita etorkinentzat eta seme-alabakaz euskeraz egin nahi daben gurasoentzat be.

Bestalde, Egizu alkarteak hainbat jarduera jarten ditu martxan, klaseetan ikasitakoa praktikan jarri ahal izateko; horreen artean, Berbalaguna ekimena dago, euskeraz berba egiteko ohiturea dabenak eta mintzapraktika egin nahi dabenak batzen dituan programea.

Diru-laguntzak

Udalak euskera ikasteko diru-laguntzak emoten ditu 16 urtera artekoentzat zein 16 urtetik gorakoentzat. Azken horreentzat HABEk be emoten ditu. 2021/2022ko ikasturteari jagokezan diru-laguntzak eskatzeko epea datorren urriaren 16an amaituko da eta aurrerantzean jakinarazoko da martxan jarten dagoanikasturterako diru-laguntzak eskatzeko epea.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu