361.000 ikasle dituala hasi da 2022-2023 ikasturtea Euskadin

Bizkaie! 2022-09-08 13:07   Pil-pilean

Hezkuntzearen aldeko hitzarmenaren ikasturtea izango da hau.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Donostiako Intxaurrondo Hegoa Ume eta Lehen Hezkuntzako ikastetxean izan da gaur goizean, 2022-2023 ikasturte barriaren hasieran. Sailburuagaz batera, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordea eta Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordea izan dira bisitan, baita Amaia Urzelai Hezkuntzako lurralde-ordezkaria be. Donostiako Udaleko Nekane Arzallus lehen alkateordea izan da ekitaldian.

Gipuzkoako uriburuko Intxaurrondo auzoan kokatuta, Intxaurrondo Hegoa ikastetxe publikoak Ume eta Lehen Hezkuntzako 115 ikasle inguru ditu ikasturte honetan bere geletan (2 eta 12 urte bitartekoak). Ikastetxe eleaniztuna izatea dau hezkuntza-proiektuaren ezaugarri nagusia, euskeraz, ingelesez eta gaztelaniaz irakasten baitau.

Barritasuna da euskera-ingelesa murgiltze goiztiarreko eredu barritzaile hori 2 eta 3 urteko geletan be ezartzen hastea aurten. Gainera, proiektuetan oinarritutako metodologiaren alde egiten dau, umeen ezagutzea eta interesak ardatz hartuta, ikasleak ikaskuntza-prozesuan parte aktibo izan daitezan. Proiektu eta jarduera horreetako asko jorratzeko, edade askotako ikasleek alkarregaz jarduten dabe lanean. Ikastetxea dagoan kaleari ohore eginez (Baratzategi kalea), ikasleek ikastetxetik hur daben eskola-baratzea be lantzen dabe.

361.031 ikasle

Bertako zuzendaritza-taldea gidari ebela ikastetxea bisitau ondoren, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak ikasturte barriaren datu esanguratsuenetako batzuk azaldu ditu. Azken ikasturteetan ez bezela, Covid Protokolo barik ekingo jake eskolei aurten, nahiz eta ikastetxeetan apliketako gomendio orokor batzuk helarazo jakezan.

Unibersidadez kanpoko hezkuntza-etapetan, 2022-2023 ikasturtea 261.031 ikaslegaz hasi da Euskadin, hau da, Ume Hezkuntzatik Batxilergora eta Lanbide Heziketara arteko ikasleak. Zifra horrek adierazoten dau ikasle kopurua % 0,90 bajau dala igazko ikasturteagaz konparauta.

Jaiotza-tasak behera egin izanaren ondorioz, ikasle kopuruak behera egiten jarraitzen dau, beherengo etapetan batez be. Ume Hezkuntzan, % 1,21eko beherakadea izan da 0-2 urteko etapan eta % 5,51koa 3-5 urtekoen artean, aurreko ikasturteagaz konparauta. Lehen Hezkuntzan, % 1,98 gitxiago izango dira aurten. DBHn eta Batxilergoan, ostera, zifra nagusieta igoerak dagoz.

Sarea eta hizkuntza ereduak

Seme-alabak eskolatzeko familiek aukeratzen daben sareari jagokonez -sare publikoa edo sare itundu-pribatua-, hautu hori aurreko urteetakoaren parekoa da eta erdiek baino gehiagok egiten dabe publikoaren alde. Familien % 51,1ek sare horren alde egiten dau eta % 48,9k pribatu edo itunduaren alde.

Hizkuntza-ereduei jagokenez be, azken urteetako jokereari eusten jako: D eredua da gehien eskatutakoa ikasleen guztizkoaren artean eta gora egiten dau Ume Hezkuntzan: 3-5 urteko edade-tartean, eredu hori da gehien eskatzen dana eta 0,5 puntu egin dau gora igaztik. Aitatutako edade tartean, ikasleen % 82,4 dagoz D ereduan; B ereduan % 15,1; eta A ereduan, barriz, % 2,4.

Lanbide Heziketan, azken urteotako jokerea da nagusi, izan be, ikasleen kopuruan igoerea ikus daiteke (% 2,27). Baina kontuan izan behar da Lanbide Heziketako matrikulazino-aldia bagilaren erdialdera arte edegita egoala eta, beraz, igoera hori handiagoa izan daiteke oraindino.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu