Bilboko Udal Musika Bandeak emakume konpositoreak omenduko ditu

Bizkaie! 2022-09-08 10:32   Musikea

Kontzertua irailaren 9an izango da.



Bilboko Udal Musika Bandeak 2022-2023 denboraldiko lehen kontzertua eskainiko dau bihar, barikua, irailak 9. Azkuna Zentroko Kulturen Atrioan izango da 19:00etan eta sartzea doban da.

José Rafael Pascual-Vilaplana zuzendari titularraren gidaritzapean, Isilarazitako oroitzapenak ikuskizunaren aurkezpenean Sol Antolín Herrero idazleak parte hartuko dau.

Kontzertu honetan Mª José Belenguerren (Onda, Castelló. 1983) izenburu bereko obrea estreinauko da. Bandarako sinfonia bat da, musikearen historian zehar ikusezin bihurtu diran hainbat emakume konpositoreri omenaldia egiten deutsena. Obrearen lau mobimenduetako bakotxa, nahiz eta obra sinfonikoa kalidadekoa izan, egungo programazinoetan presentzia txikia dauen emakume konpositore bati eskainia dago. Emakume konpositoreak honako honeek dira: Henriette Bosmans (Amsterdam, 1895 -1952), Maria de Pablos (Segovia, 1904 – Madril, 1990), Louis Farrenc (Paris, 1804 – 1875) eta Ethel Smyth (Londres, 1858 – 1944).

Gainera, Ida-Rose Esther Gotkovskyren (Calais – Frantzia, 1933), Shelley Hansonen (Washington D.C., 1951) eta Erika Svanoeren (Whitewater - Wisconsin, 1976) obrak interpretauko dira.

Musikeak eta arteak ezagutza eta gozamena emoten deuskun askatasunaz kutsatzen gaitue beti, ideologiez edo sexuez harago. Kontzertu hau, zailtasunak zailtasun, beren nortasun sortzailea ezjakintasunari aurre egiteko baliabide lez emoten jarraitu daben emakumeen omenez izango da, azpimarratu dau Pascual-Vilaplana Muroko maisu eta zuzendariak.

Gogoratu behar da Udal Musika Bandeak joan dan bagilaren 28an aurkeztu ebala 2022-2023 denporaldi barria, Espazio soinudunak izenekoa. Horren bidez, gomuten aurreko lotura sensoriala izatea da asmoa eta, aldi berean, jenteari gehiago ikasteko eta gehiago izaten laguntzeko leku, espazio ezezagun barriak erakusteko bidea. Artea etorkizuneko tresnea izan daiteke eta izan behar dau. Haregaz, programa bakotxean, entzuleak hunkituko dituen espazio soinudunak konpartiduko dira, esperientzia errepetiduezinak biziteko aukerea emongo daben melodiak. Espazio soinudun horreek momentu musikal parebakoak izango dira, gure arimearen eta adimenaren elikagai.

Lehenengo kontzertu horren ondoren, Bilboko taldea irailaren 23an bueltauko da agertoki berera, Argi eta iluntasun-espazioak kontzertuagaz. Oraingo honetan, Mario Ortuño Gelardo zuzendari gonbidatuak zuzenduko dau taldea, 2022an Bilbao Musikak atondutako Orkestra-zuzendaritzako VI. Topaketen irabazleak. Bandeak, besteak beste, Roque Bañosen Twilight eta Johan de Meijen The Lord of the Rings obrak joko ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu