Naturea, Eduardo Chillidaren Eskolan protagonista

Bizkaie! 2022-09-08 09:46   Kulturea

Artistearen lana ardatz dauen ikastaroa irailaren 14tik 15era izango da Donostian.

Eduardo Chillida 1987ko 'Gure aitaren etxea', obrearen barruan. Erretratua: Fidel Raso | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Herriko Unibersidadeko Uda Ikastaroak eta Chillida Lekuk Eduardo Chillida Eskolearen bigarren edizinoa atondu dabe Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazinoagaz batera. Ikastaro hau XX. mendeko arte garaikidearen historian oinarrizkoa izan dan artista honen irudia ezagutzeko pentsauta dago. Irailaren 14tik 15era Donostiako Miramar Jauregian emongo dan 20 orduko ikastaroaren ardatza Chillidaren ondarean sakontzea da eta Nausica Sánchezek, Chillida Lekuko Hezkuntza eta Ikerketa arduradunak gidatuko dau. Ikastaroa unibersidadeko ikasleei, unibersidadeaz kanpoko ikasleei, irakasleei, profesionalei eta publiko orokorrari zuzenduta dago.

Nausica Sanchezek dinoanez, Eskulturearen alorrean egindako ekarpenetatik harago, Eduardo Chillidak arrasto ukaezina itxi dau lurraldean eta naturearen aurrean errespetu sakonak marketan dau obrea. Horregaitik, Udako Eskola honek ardatz bi izango ditu: obreak natureagaz dituan hartu-emonak eta eskultorearen lanaren eduki etikoa.

Egun biko ikastaro honetan parte hartuko dabe Lourdes Cirlotek, Bartzelonako Unibersidadeko Artearen Historiako katedradunak; Víctor Gómez Pinek, Bartzelonako Unibersidade Autonomoko filosofo eta katedradun emerituak; Beatriz Herráezek, Artiumeko zuzendariak; eta Clara Janés poeteak. Guztien artean, Eduardo Chillidaren lanaren eta pentsamenduaren azterketan sakontzen lagunduko daben gaiak jorratuko ditue, eskultorearen ondarearen indarraz hausnartzen lagunduko dabenak eta haren lana artearen historiografiagaz lotzen lagunduko dabenak, batez be natureak haren lanean dauen presentzia ardatz hartuta.

Haren lanaren eduki filosofikoa aztertzeko tartea be izango da, baita Chillidaren figurea ikuspegi askotatik ezagutzeko aukerea emongo daben narratiba barriak eregiteko be, zein artisteak karga etiko handiak markautako lanean oinarrituta gizarte bidezkoago bat eregiteko dauen bokazinoa aldarrikatzeko be.

Hori guztia natureak artistearen obran izandako zeregina kontuan hartuta egingo da. Chillida Donostian jaio zan, alde batetik Ozeano Atlantikoak inguratu eta mugatzen dauen urian, eskultoreak [Haizearen Orrazia] jartea asmau eban lekutik sartzen da badian eta, bestetik, Kantauri mendikatea Pirinioakaz lotzen daben mendietan.

Edizino honetan, Chillidaren lanak natureak sorkuntza artistikoan izandako eta dauen zeresana ulertzeko igesbide lez balio dau. Natureari buruzko duda hori filosofiatik be sortzen da. Eduardo Chillidak bere obran planteautako galderek lotura zuzena dabe gai filosofikoakaz.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu