Ana Moralesen flamenko barria eta X zinemearen saio bat 2022ko Dantzaldiari ekiteko
2022-09-07 08:57 KultureaArte Eder Museoa batuko da ohiko egoitzen taldera.
Dantzaldia 2022k, Bilboko Nazinoarteko Dantza Jaialdiaren XXIII. Edizinoak, dozena bat hitzordu ekarriko ditu Bizkaira irailaren 22tik abenduaren 1era eta jantza garaikidearen egungo jokerak erakutsiko ditue, bai tokikoak, bai estadukoak, baita nazinoartekoak be. Aurten, programautako ikuskizunak sorkuntza garaikideak izango dira, baina errotik, tradizinotik sortuak.
Ospe handiko konpainietan ibilbide luzea izan ondoren orain proiektu propio arriskutsuagoak gauzatzen dituen koreografoak izango dira (Guillermo Weickert sevillarra edo Manuel Rodríguez andaluziarra), jantza tradizionala berreskuratu eta ikuspegi barria emoten deutsen jantzariak (Haatik gipuzkoarrak) edo flamenkoan formatu diran sortzaileak, esaterako, Florencia Oz eta Isidora O'Ryan Txileko bikiak; hain zuzen be, flamenkoaren proposamen ohiz kanpoko eta surrealisteagaz Artista Barrien Saria irabazi eben 2021eko Jerezeko Jaialdian.
Jaialdia irailaren 22an hasiko da Rekalde Aretoan (19:00) eta sartzea doban izango da. Artistak, publikoa eta atontzaileak batzeko aukera handia izateaz gan, otordu informala eskainiko da eta Ana Morales sarituak ikuskizuna eskainiko dau. Bartzelonako flamenko-dantzariak En la cuerda floja (extractos) aurkeztuko dau. Flamenko barriaren piezea da eta Juan José Amador abeslari eta gitarra-jolearen laguntzea izango dau.
Dantzaldiak astebete aurrerago jarraituko du, 29an (19:00etan, hau be doban) Deustuko La Fundición aretoan (jaialdiaren programatzailea). Bideo-jantza saio bat izango da, XXXplícito izenekoa, izan be, Choreoscope Bartzelonako jantzearen film laburren jaialdiagaz batera aukeratutako eta erotikoaren mugan dagozan X film labur batzuk emongo ditue.
Dantzaldia 2022
2022an egoitza berri bat izango da Dantzaldian: Bilboko Arte Eder Museoa. Pinakotekako eraikin zaharreko ataria izango da edizino honetako proposamenik berezienen ezusteko agertokia. Bertan pieza bi ikusi ahal izango dira (bat aitatutako Haatikena eta bestea Fran Sieira galiziarrarena) urriaren 11n, doban, edukierea bete arte, izan be, publikoa eskaileretan eta balaustrada nagusian jarriko da. Guggenheim Bilbao, Azkuna Zentroa - Alondiga Bilbao edo Barakaldo Antzokia jaialdiaren egoitzak izango dira aurten be.
Aitatutako artistez gan, aurtengo kartelean egongo dira sortzaile garaikideak be, besteak beste, Ana Jezabel portugaldarra edo Roseland Musical katalanak. Azken horreek 25 urte baino gehiagoko ibilbide espezializatua dabe egungo jantzearen ikuspegi barriak txikienei hurreratzen eta familientzako hareen ikuskizunik arrakastatsuenetako bat ekarriko dabe Barakaldo Antzokira (urriak 9). Geometría jantza urbanoaren eta 3D proiekzino ikusgarrien nahasketa akrobatikoa da, publiko guztientzat egokia dan jantza-ikuskizun magikoa.
Roseland Musical (Geometría) © Sergi Garriga
Dantzaldia 2022k jaialdiak dantza garaikidea publiko guztiari hurbiltzeko duen apustu sendoari (2000an sortu zanetik) eutsiko deutso, beraz, hainbat funtzino doakoak izango dira. Besteetarako sarrerek prezio eskuragarria izango dabe, 4,5 eurotik aurrera (+gastuak). 2022ko Dantzaldiko egoitza bakotxaren kanaletatik lortu ahal izango dira (webguneak edo leihatilak); batzuk eskuragarri dagoz dagoeneko, besteak laster.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!