BJC Arriagan zikloak kontzertu bi dakarz urtea amaitu baino lehen
2022-09-02 12:42 MusikeaRosenwinkel-Brodbecken laukotea eta Trio Manzanares entzun ahal izango doguz.
Bilbaina Jazz Clubek eta Arriaga Antzokiak alkarlanean atontzen daben zikloa da BJC Arriagan, jazz musikearen doinuak areto handira eroan eta publiko zabalagoari hurreratzen deutsazan ekimena. 2022a amaitu baino lehen, zemendian eta abenduan, kontzertu bi egongo dirala iragarri dabe, Kurt Rosenwinkel eta Jean-Paul Brodbeckena bat eta Trio Manzanaresena bestea.
Zemendiaren 29an etorriko dira Bilbora Kurt Rosenwinkel gitarristea eta Jean-Paul Brodbeck pianistea, The Chopin Project aurkezten. Laukoterako egokitu ditue Frederic Chopinen melodia erromantiko ezagunak, eta, horregaitik, Jorge Rossy bateria joleagaz eta Lukas Traxel baxu joleagaz agertuko dira Arriagako oholtzan.
Gabon sasoian izango da BJC Arriagan zikloko bigarren hitzordua, abenduaren 27an. Jazzagaz lotutako errepertorio zabala, etiketa bakoa, interpretauko dau Trio Manzanares hirukoteak. Madrilen alkarregandik hur bizi diran hiru musikari dira, Javier Colina (kontrabaxua), Ariel Bringuez (saxofoia) eta Borja Barrueta (bateria).
Sarrerak irailaren 5etik erosi ahal izango dira, 21 euroan, Arriaga Antzokiaren webgunean edo txarteldegian. Bilbaina Jazz Clubeko bazkideek deskontuak izango ditue.
Ganera, BJC Arriagan zikloak 2023an be hitzordu gehiago izango dituala aurreratu dabe, baina ez dabe zehaztu ze musikari etorriko diran.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!